‘Gure Hots’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia egingo dituzte ekainaren 15ean

Ahalduntze Eskolaren udaberriko programaren baitan, Arrate Fernandez Itxasok zuzendutako Gure Hots dokumentalaren emanaldia egingo dute ekainaren 15ean, asteazkenarekin. 18:00etan izango da proiekzioa eta, ostean, solasaldia egingo dute Fernandez Itxasorekin eta Leire Zinkunegirekin.

Euskal Herriko emakume askoren testigantzak bildu ditu ikus-entzunezkoak, adin eta eremu desberdinetakoak. Era horretara, Euskal Herriko orografiari jarraituz, XX. eta XXI. mendeetako emakumezko profesionalen erradiografia egin dute. Elkarrizketatuen artean dira, besteak beste, Itxaro Borda, Alaia Martin, Caroline Phillips, Maddi Zubeldia eta Irantzu Varela, hamalau guztira.

100 minutuko iraupena du ikus-entzunezkoak eta Salatxo aretoan eskainiko dute 18:00etan hasita. Proiekzioa eta gero, zuzendariarekin solastatzeko aukera izango da.