Herriko balkoiak, establezimenduak eta txokoak apaintzeko deia egiten die Udalak herritarrei

Balearen Eguneko egitaraua abian da joan zen astetik, eta maiatzaren 17ra bitartean, ospakizun giroan murgilduta izango da Orio. Maiatzaren 16ko ekitaldi nagusiaren aurretik, giroa sortzen joateko, Udalak dei egiten die herritarrei balkoiak eta establezimenduak apaindu ditzaten itsasoko eta arrantza munduko elementuekin: sareak, kortxoak, argiak, buiak, baleen irudiak…

2026ko maiatzaren 14an 125 urte beteko dira Orion euskal kostaldeko azken balea harrapatu zenetik, eta urteurren bereziaren bueltan, ia lau astez luzatuko da ospakizuna herrian. Horregatik, herriko kaleek ere jai-giroa islatu dezaten da helburua.

Zeregin horretan laguntzeko, San Nikolas Arrantzale Kofradiaren eta Arrantzale Eguna antolatzen duen lan-taldearen ekimenez, sare zatiak banatuko dira Herriko Plazan maiatzaren 8an, ostiralarekin, 17:00etatik aurrera. Hala, herritarrek aukera izango dute sare-zatiak doan jaso eta etxeko balkoietan jartzeko.