Herriko irisgarritasuna aztertzeko bigarren saio irekia egingo dute maiatzaren 19an

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean, Orioren irisgarritasun-plan berria lantzen ari da Udala. Herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, bilera irekiak egiten ari da azken asteetan, eta maiatzaren 19an, ostegunarekin, egingo dute bigarrena, udaletxean.

Orioko Udalak hogei urte baino gehiago daramatza irisgarritasunari lotutako funtsezko aldaketak proposatzen. 2001ean, 2011n eta 2018an irisgarritasun-plan bana egin ziren, eta haien bidez proposatutako egokitzapenek erabat aldatu dute udalerriaren diseinua. Hala, herriko irisgarritasun-maila nabarmen hobetu da.

Martxoan zehar hainbat erakunde, elkarte, klub eta gizarte-erakunderekin bildu zen Udala, eta apirilean egin zuten lehen lansaioa. Giza aniztasuna kontuan hartuta, herriaren diseinu inklusiboa garatzea du helburu, desgaitasun fisikoa, bisuala, entzumenekoa eta kognitiboa duten pertsonek oztoporik gabeko espazioez gozatzeko aukera izan dezaten.

Bigarren bilera

Oriotarren ideiak eta proposamenak jasotzeko eta espazioen irisgarritasun unibertsala bermatzeko asmoz, bigarren bilera irekia egingo dute maiatzaren 19an, ostegunarekin. 19:00etan izango da hitzordua, udaletxeko udalbatzarraren aretoan (2. solairuan, igogailuarekin).

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziotik Iñigo Iturbe eta Alicia Figueroa izango dira bertan, gidari lanetan. Asistentzia konfirmatzeko eta zalantzak argitzeko, bidali whatsappa 635 75 13 39 telefonora.