Herriko txarangaren proiektua lantzeko bigarren bilera irekia deitu du Udalak martxoaren 22an

 

Herriko festa eta ekitaldi nagusiak girotuko dituen herriko txaranga sortzen laguntzeko asmoa du Orioko Udalak, eta horretarako, lehen bilera irekia deitu zuen otsailaren 22an. Herriko musikari eta musikazaleen iritziak jaso zituen orduan, eta orain, bigarren bilera irekia egingo du, proiektuari forma ematen jarraitzeko.

Hitzordua martxoaren 22an izango da, asteazkenarekin, 19:00etan kultur etxean. Gaian interesa duten eta egitasmoan laguntzeko prest dauden guztiek parte hartu dezakete bileran. Gainera, Eibarko Ustekabe txarangako kideak ere gonbidatu ditu Udalak saiora, haien esperientzia partekatzeko.