Hilerrian eskailerak jarri ditu Udalak apainketa- eta garbiketa-lanak errazteko

Orioko Udalak ureztagailuak, erratzak eta palak jarri zituen hilerrian abuztuan, eta orain, panteoien eta hilobien gainaldeak apaindu eta garbitzeko eskailerak gehitu ditu. Erabilera egokia eta arduratsua egiteko eskatu die herritarrei, eta, lanak amaitutakoan, gauzak bere lekuan uzteko.

Alde Zaharreko sarrerako iturriaren ondoan daude materialak, eta oriotarrek esker onez hartu dituzte, orain arte etxetik eraman behar izaten zituztelako. Eskaileren bidez, gainera, panteoien goiko aldera iritsi daitezke orain.

Udalak, dena dela, erabilera arduratsua egiteko eskatu du. Norberaren erantzukizuna da eskailerak behar bezala erabiltzea, eta istripurik ez izateko, Udalak beren burua zaintzeko eskatu die herritarrei.