Hika Teatroak pasa den udazkenean estreinatu zuen Zorretan antzezlana, eta otsailaren 16an, igandearekin, Orion izango da ikusgai. Sarrerak 10 euroan jarriko dira salgai gaur arratsaldean, otsailak 5, turismo-bulegoan 16:00etatik aurrera. Pertsonako 4 sarrera erosteko aukera izango da, gehienez.
Hika Teatroak 35 urte egin ditu Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean. Urteurrena ospatzeko, Zorretan antzezlana aurkeztu dute, zaintza, maitasuna eta amatasuna oinarri dituen obra, eta Iñake Irastorza oriotarra da protagonistetako bat. Egoera komiko, zentzugabe eta surrealista ezberdinen bidez, iraganera, orainera eta etorkizunera egingo du jauzi emakume bat, honen senarra eta ama protagonista dituen narrazioak.
Hiru dira taula gainera igoko diren aktoreak: Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran eta Iñake Irastorza. Proiektu ugaritan lan egindakoa da Iñake: zinemarako, Aupa Etxebeste! (2005) eta Kutsidazu bidea, Ixabel! (2006) bezalako euskal film klasikoetan parte hartu du; Euskal Telebistan umoreari lotutako saio ugaritan izan da, hala nola, Wazemank (2005-2007) eta Kontuz atsuak! (2013) saio arrakastatsuetan; eta nola ez, Euskal Herriko zein Espainiar estatuko antzeztokietan biran izan diren dozenaka antzerki-obratan. Oraingoan, herrian ikusteko aukera izango da.
