Martxoaren 1ean, larunbatarekin, ospatuko dira Inauteriak Orion eta, urtero bezala, egun osoko egitaraua antolatu du Orioko Udalak, eragileekin elkarlanean. Tartean, herri-bazkaria izango da eguerdian, eta txartelak ostiral honetan jarriko dira salgai, otsailaren 7an, turismo-bulegoan, 16:00etatik aurrera.
Herri-bazkaria pilotalekuan izango da, 14:30ean, eta 350 lagunentzako lekua izango da. Euskal Parrillarekin eskutik, hiru menu desberdin izango dira aukeran:
- Helduentzako 01 menua: Entsalada mistoa, oilaskoa parrillan, txerri-saiheskiak parrillan eta Ezeizako pasteltxoak. Ogia, kafea eta edariak. 20 euro.
- Helduentzako 02 menua: Entsalada mistoa, barazki-menestra, lasagna beganoa eta fruta. Ogia, kafea eta edariak. 20 euro.
- Haurrentzako menua: Patea, urdaiazpiko-kroketak, oilaskoa parrillan patatekin eta izozkia. Ogia eta edariak. 12 euro.
Pertsona bakoitzak gehienez 5 txartel erosi ahal izango ditu. Hau da turismo-bulegoaren neguko ordutegia:
- Asteartea: 09:30 – 13:30
- Asteazkenetik ostiralera: 09:30 – 13:30 eta 16:00 – 19: 00
- Larunbata: 09:30 – 15:00
- Igandea eta jaiegunak: 10:00 – 14:00
Izen-ematea eta antolaketa
San Nikolas festetan bezala, inauterietako herri-bazkarian ere partehartzaileen laguntza beharko da muntaia-, desmuntaia- eta garbiketa-lanetarako. Beraz, txartelak erosteko orduan, 5 lagunetik batek izena eman beharko du zeregin horietan laguntzeko; 5 txartel baino gutxiago erosten dituztenek ere aukera izango dute boluntarioen zerrendan apuntatzeko.
Boluntarioek osatutako taldetxoa 11:00etan elkartuko da frontoian, mahiak eta aulkiak behar bezala kokatzeko. Jende pixka bat juntatuz gero, prestaketa lan horietan ez da denbora asko beharko.
Horrez gain, 11:00etan frontoian elkartzen direnek, aukera izango dute, mahaiak jarri ondoren, lagunentzat eserlekuak erreserbatzeko.