Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da hondartzan ostiral honetan, uztailak 17, 20:00etatik aurrera: Ithaka, Anari eta Ke Leporen emanaldiak izango dira, berdegunean.
Ithaka Orio eta Zarauzko lau gaztek osatutako pop-rock taldea da. Josune Freire bateria-jotzaileak, Eneko Eizagirre baxu-jotzaileak, Arantza Igartua gitarra-jotzaileak eta Leire Olariaga abeslari eta teklatu-jotzaileak osatzen dute taldea. 2022an Gaztea Maketa Lehiaketako publikoaren saria irabazi zuten, eta 2023an Biluzten lana argitaratu zuten. Aurtengo maiatzean, ostera, bi kantaz osatutako EP berria kaleratu dute, Ez naiz itzuliko izenburupean, eta doinu berri horiek entzuteko aukera izango da ostiralean.
Jarraian, Anari igoko da eszenatokira, aurkezpenik behar ez duen euskal kantagintzako erreferente nagusietako bat. 2024an Giza zarata diskoa aurkeztu zuen, hamar kantuz osatutako lana, eta iazko udazkenean Txikizio hau dena kanta berria kaleratu zuen, biraren amaierarekin batera.
Ke Lepo, berriz, Alejo Orbegozo musikari eta ekoizle zestoarraren bakarkako proiektua da. Sintetizadoreak eta elektronika ditu ardatz, ambient giroak, erritmoak eta esperimentazioa nahasten dituen proposamen pertsonalean. 2023an argitaratu zuen Izpi lehen disko luzea, Forbidden Colours zigiluarekin.
