Jostailu Erabilien 11. Azoka egingo dute abenduaren 11n, larunbatarekin

Herrio Natur Taldeak antolatuta, 11. Jostailu Erabilien Azoka egingo dute abenduaren 11n, larunbatarekin, Salatxo aretoan. Trukea eta berrerabilpena sustatzea du helburu ekimenak, eta Gabonetako gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea.

Bilketa
Azoka prestatzeko, jostailuen bilketa egin zuten Herrio taldeko lagunek azaroaren 16an Zaragueta eskolan eta Herri Ikastolan. Eta bihar, abenduak 10, ostiralarekin, Salatxo aretoan egongo dira 17:00etatik 19:00etara. Etxean erabiltzen ez diren jostailuak eramateko azken aukera izango da.

Azoka
Bildutako guztia larunbat honetan egingo duten azokan izango da ikusgai, 10:30etik 14:00etara Salatxo aretoan. Jostailuak hiru koloreren arabera sailkatuko dituzte: horia, urdina eta gorria. Eta nahi izanez gero, jostailu bat uzten duenak koloretako txartel bat jasoko du azoka egunean kolore bereko txartela duen beste jostailu batekin trukatzeko.

Azokaren egunean ere aukera izango da etxetik ekarritako jostailuak azokan jarritakoekin trukatzeko.

Kontuan izatekoak
Ekimenean parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

  • Jostailuek osorik egon behar dute, egoera onean. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez da jasoko.
  • Azoka egunean, 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.
  • Azoka amaitutakoan, inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko dira.