Orioko Arraun Elkarteak antolatuta, otsailaren 19an, larunbatarekin, egingo dute Oriaren Traineru Jaitsieraren aurtengo ekitaldia. 78 ontzik eman dute izena, eta 1024 arraunlari inguru hurbilduko dira zitara. 16:30ean abiatuko dira eta, ohi bezala, Orioko zubiaren parean izango dute helmuga.
Oriaren Traineru Jaitsiera 1995ean antolatu zuten aurrenekoz. Traineru-denboraldia ekainetik irailera luzatzen denez, neguko entrenamendu garaiari argi pixka bat eman nahi izan zion Orioko Arraun Elkarteak, eta urteak aurrera, neguko zita garrantzitsuenetakoa bilakatu da inguruko traineruentzat.
Aurtengoan, gainera, Malagatik eta Kataluniatik etorritako parte-hartzaileak izango dira. 78 ontzi dira guztira, eta Bilbao Arraunlari Beteranoa traineru inklusiboa ere bertan izango da.
Bi ibilbide, bi bandera
Gaur, otsailak 17, egin dute ekimena aurkezteko agerraldia Arraunetxen, eta OAEko presidente Iosu Esnaolak eta Orioko alkate Anuska Esnal Olidenek hartu dute hitza.
Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: 4.000 metrokoa, Sarikolatik irtengo dena, emakume, Llagut-Llaut, misto, jubenil, beterano eta senior kategorientzat. Eta 6.000 metrokoa, Mapil-Aginagatik irtengo dena, absolutu mailako traineruentzat. 16:30ean dute hitzordua, eta bi bandera izango dira jokoan, emakumeena eta gizonena.
Ibai Ondo kaleko sarbidea, itxita
Covid19ak eragindako iazko etenaldiaren ondoren, aurtengo edizioan normaltasunera itzultzeko ahalegina egin dute antolatzaileek. Ibai Ondo kalerako sarbidea itxita egongo da Endaia plazatik, eta Salatxo tabernaren parean postuak jarriko dituzte.