Maiatzaren 13an futbol egokituko topaketa egingo da Mendibeltzen

 

Gipuzkoako Futbol Federazioak, GKEF Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin eta Orioko Futbol Taldearekin elkarlanean, futbol egokituko topaketa antolatu du larunbat honetarako, maiatzak 13, Mendibeltz futbol-zelaian. Deialdi irekia da, alebin mailako (8 urtetik gora) gaztetxoei zuzendua, bai desgaitasunen bat dutenei eta bai ez dutenei. Entrenamendua egiteaz gain, haurrentzako eta gurasoentzako sentsibilizazio-hitzaldi bana eskainiko dute 11:00etan.

Gipuzkoako Futbol Federazioak, GKEFrekin elkarlanean, hiru urteko proiektua jarri zuten martxan 2021ean. Ekimenaren helburua nagusia desgaitasuna duten haur eta gazteei futbolean jokatzeko aukerak ematea da, eta gizarteak kirol egokituarekiko duen ikuspegia aldatzen laguntzea. Horretarako, tokian tokiko futbol-elkarteekin harremanetan jarri dira, eta adin ezberdinetako kirolariei zuzendutako topaketak antolatu dituzte hilean behin, futbol inklusiboa herriz herri zabalduz.

Programaren 16. topaketa Orion egingo da larunbatean Orioko Futbol Taldearekin eta Orioko Udalarekin elkarlanean. Deialdia taldeak berak egin du, alebin mailako neska-mutiko guztiei zuzenduta. 12:00etan egingo duten saioak entrenamendu formatua izango du, eta desgaitasunen bat duten eta ez duten gazteek elkarrekin jokatuko dute.

Horren aurretik, gaiaren inguruan sentsibilizatzeko hitzaldia eskainiko du Alicia Figueroa GKEFko kideak. 11:00etan izango da, Mendibeltzen bertan. Topaketan parte hartuko duten haur eta helduek ez ezik, interesa duen edonor ere hurbildu daiteke futbol-zelaira.