Maiatzaren 18an pasatuko da Oriotik Itzulia Women 2025 txirrindulari-proba

Maiatzaren 16an, ostiralarekin, Zumarragan hasiko da Itzulia Women 2025 txirrindulari-proba, eta hirugarren eta azken etapa, hilaren 18koa, Donostian hasi eta bukatuko da. Oriotik azken egun horretan pasatuko da, eguerdian, eta hondartzako irteera moztuta egongo da 11:30etik 13:30era bitartean, gutxi gorabehera.

Usurbildik etorriko dira txirrindulariak eta Txanka-hondartzako bidetik barrena, autopistako errotondaraino egingo dute bidea eta handik Igeldo aldera hartuko dute. Txirrindulariak ez dira herrigunetik pasatuko, baina autopistako sarrera/irteera eta N-634 errepidea bi ordu inguruz egongo dira moztuta. Tarte horretan, ibilgailuek Ibaiondotik barrena atera beharko dute herritik eta, Donostia aldera joan nahi izanez gero, Zarautza jo beharko dute, autopista hartzera. Barkatu eragozpenak.