Horrela hasten dira Orbegozok idatzi eta Benito Lertxundik hain ezagun egin dituen bertsoak. Eta hitz horien bidez iritsi zaigu gaur arte gure memorian bizirik dirauen balea arrantzaren mundua.
Guzti honi esker gogoratu eta irudikatu ditugu Olaizola, Loidi, Uranga edo Manterolak egindako balentria haiek, eta balea arrantzak herrian sortzen zituen bizipoza, biba eta txaloak. Itsasoaren indarra eta herri baten ahalegina elkartzen ziren une haiek, gure historiaren parte sakon bihurtuta.
Iritsi da maiatzaren 14a. Iritsi da Balearen Eguna. Gaur 125 urte betetzen dira gure arbasoek Kantauri itsasoan azken balea harrapatu zutenetik. Eta balentria hura gogoan, gure herriaren historiari gorazarre egiten diogu.
Orioko barraren aurrean jada ez dago balearik. Apenas gelditzen da bajurako itsasontzirik. Gizartea aldatu da, eta itsasoa ere ez da lehengo bera, baina gure arbasoen bizimoduak, izaerak, balentriek eta istorioek oraindik ere presente jarraitzen dute, gure identitatearen eta nortasunaren funtsezko gako baitira.
Eta denborak emandako distantziari eta jakintzari esker, ordukoa gogoan, gaur egungo Orio ospatzen dugu. Itsasoarekin, errioarekin eta baserriarekin lotura sakona duen herri baten memoria. Gure balioak, identitatea eta nortasuna. 2026an, 125 urte beranduago, Gora oriyotarrak! beldur gabe kantatzen jarraitzen dugulako.
