Mintzalagun programari hasiera emateko bakarrizketa izango da azaroaren 3an

Jose Kruz Gurrutxaga aktorearen Arranopola bakarrizketak emango dio hasiera aurtengo Mintzalagun programari. Azaroaren 3an izango da, ostegunarekin, 18:30ean kultur etxean, eta sarrera doakoa izango da. Urola Kostako Udal Elkarteak Mintzalagun programan parte hartzen dutenentzat antolatutako ekitaldia da, baina irekia da azaldu nahi duten guztientzat.

Urola Kostako Udal Elkarteak 2009an ekin zion Mintzalagun Programa antolatzeari, eskualdeko udalekin elkarlanean. Gaur egun, Urola Kostako AEK arduratzen da programa dinamizatzeaz, eta urteak aurrera, oso bilakaera positiboa izan du: 2009an 41 mintzakiderekin hasi ziren eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.

Bakarrizketa umoretsua

Umorearen bidetik, egunerokoan erabili arren ondo ezagutzen ez ditugun gauzen inguruko azalpenak emango ditu Gurrutxagak bakarrizketan. Aktore, bikoizle eta umoregile azkoitiarrak ibilbide luzea du, eta antzerkian, telebistan zein zineman aritutakoa da.