Moila sendotzeko lanak datozen egunetan hasiko dira, oinezkoentzako pasabidetik Kofradiaraino

Orioko arrantza-kaian sendotze- eta egokitze-lanak egingo dituzte datozen hiletan, oinezkoentzako pasabidetik Kofradiarainoko tartean. Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen esku-hartzearen bidez, hiru helburu lortu nahi dira: kaiaren egonkortasuna hobetzea; klima-aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurrean, azpiegitura egokitzea eta 50 zentimetro igotzea; eta portu-eremuaren funtzionaltasuna handitzea. Obrak Moyua enpresak egingo ditu, eta aurreikuspenen arabera, 6 eta 8 hilabete arteko iraupena izango dute.

Portuaren zati hori garrantzitsua da herriarentzat, bi erabilera nagusi uztartzen dituelako: alde batetik, baxurako ontzien jardunerako eta porturatze-lanetarako eremua da; eta bestetik, herritar askok egunerokoan erabiltzen duten pasabidea ere bada. Horregatik, esku-hartze honen bidez, azpiegituraren segurtasuna, erabilgarritasuna eta moldagarritasuna hobetuko dira.

Eremuaren bilakaera

Herriko Plaza peatonalizatu zenean, bi norantzetakoa bihurtu zen moilako errepidea eta, horren ondorioz, nabarmen estutu zen oinezkoen pasabidea Bizkarreneko (Bordatxo) etxearen parean. Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak moila indartzeko lanak egin zituen 2022an, inguruko eraikinak kaltetu gabe, eta sendotze-lanak bukatuta, Udalak oinezkoak pasatzeko hegala eraiki zuen moilaren ertzean 2023an, errio gainean.

Azken urteotan, kaiaren egoeraren inguruan egindako azteketa teknikoek agerian utzi dute zenbait zatitan sendotze-lanak beharrezkoak direla eremuaren egonkortasuna bermatzeko, urteek eta erabilerak eragindako higadurari erantzunez. Horrez gain, azpiegitura itsas mailaren igoerara egokitu nahi da, klima-aldaketaren ondorioei aurrea hartuta. Eta, azkenik, portu-eremuaren eraginkortasuna eta funtzionaltasuna hobetu nahi dira, bai ontzien jardunerako, baita herritarren eguneroko erabilerarako ere.

Lanak

Lanak datozen egunetan hasiko dituzte, eta 6 eta 8 hilabete arteko iraupena izango dute. Lanak fase ezberdinetan egingo dira, eta trafikoan izango duten eragina ere ezberdina izango da une bakoitzean. Oro har, kamioien joan-etorria handia izango da, eta ahal den neurrian, gomendagarria izango da herriko sarrera-irteerak Txanka hondartzatik egitea, herriguneko trafikoa arintzeko.

Udalak obren bilakaeraren berri emango die herritarrei, eta aldaketa edo eragin puntualen inguruko informazioa ere zabalduko du.