Orioko Udalak asteazkenean aurkeztu zuen Balearen Egunaren seigarren edizioaren egitaraua. Benito Lertxundiren omenez egingo den kontzertua izango da egitarauko mugarrietako bat, maiatzaren 17an, eta emanaldiko sarrerak gaur arratsaldean, apirilak 24, 17:00etatik aurrera jarriko dira salgai turismo-bulegoan.
Orioko musikariak 2024an laga zion kontzertuak emateari, eta Balearen Egunaren testuinguruan, aitortza egingo zaio bere ibilbide artistiko oparoari. Omenaldi modura, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko lau haur-abesbatza igoko dira taula gainera, Lertxundiren abesti ezagunenak interpretatzeko. Migel Zeberio da orkestra sinfonikoaren zuzendaria, eta guztira 150 parte-hartzaile izango ditu kontzertuak: 50 musikarik osatuko dute orkestra eta 100 haurrek, abesbatza.
Kontzertua maiatzaren 15ean egitekoa zen, ostiralarekin, baina soinu teknikariek greba deitu dute egun horretarako, eta Orioko Udalak eta kontzertuan parte hartuko duten eragileek bat egingo dute haien aldarrikapenarekin. Horregatik, emanaldia hilaren 17ra atzeratzea erabaki dute, igandera, eta 20:00etan hasiko da.
Sarrerak eta oharrak
Emanaldirako sarrerak gaur, apirilaren 24an, jarriko dira salgai turismo-bulegoan, eta asteartean 10:00etatik aurrera online erosteko aukera ere egongo da, lotura honen bidez. Aurreikusten da 1.000 sarrera jartzea salgai, 700 turismo-bulegoan eta 300 online.
Pertsona bakoitzak gehienez lau txartel erosi ahal izango ditu, eta 20 euroko prezioa izango du sarrera bakoitzak. Sarrerak erosterako unean, mugitzeko ahalmen urritasuna dutenek turismo-bulegoko langilea jakinaren gainean jartzea gomendatzen da, antolakuntzak kontuan izateko.
