Neguko kultur programaren berri eman du Udalak

Joan zen astean abiatu zuen Orioko Udalak urtarriletik martxora arteko kultur programa, Jon Artanoren Juana lanaren aurkezpenarekin. Kultur eskaintzaren berri ematen duen eskuorria gaur, urtarrilaren 23an, banatuko da etxez etxe, eta agendako eduki guztiak webgunean egongo dira ikusgai aste honetan. 

Musika izango da aste honetako protagonista nagusia: ostiralean Katedraleko Kontzertua eskainiko dute Easo Eskolania, Easo Gazte eta Easo Kapera Gregorianistak elizan, eta igandean, Olatz Zugastiren emanaldia izango da kiroldegian. Sarrerak salgai jarraitzen dute online, kultur etxean eta Kutixi kafetegian.

Otsailean, urtero bezala, inauteriak ospatuko ditugu, eta kale animazioaz gain, herri-bazkaria izango da pilotalekuan. Bazkariko txartelak bihartik, urtarrilak 24, egongo dira salgai kultur etxean, eta hiru menu izango dira: helduena, beganoa eta haurrena. Egun berean, otsailaren 10ean, egingo da Oriaren traineru-jaitsiera, 16:00etan hasita, eta giro aparta izango da herrian.

Horrez gain, Ane Lindanek bakarrizketa egingo du otsailaren 15ean, ostegunarekin, eta hilaren 25ean, igandearekin, ospakizuna izango da Herriko Plazan, herriko zaintza-ereduaren gaineko lanketa abian jartzeko. Horren inguruko xehetasunak datozen asteetan emango ditu Udalak.

Musikari lotuta, Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua eta Danbolin Musika Eskolaren urteroko dantza-emanaldia eta entzunaldiak izango dira otsailean eta martxoan, eta Gipuzkoa Dance Contest jaialdia kiroldegian ospatuko da martxoaren 10ean, igandearekin.

Azkenik, martxoaren 14tik 24ra egingo da aurten 23. Korrika, eta giroan murgiltzeko, Korrika Kulturala izango da herrian hilaren 15etik 21era. 

Jarraian dituzue saio guztien xehetasunak:

  • Urtarrilak 26, ostirala: Katedraleko kontzertua: Licinio Reficeren meza polifonikoa eta pieza gregorianoak. Easo Eskolania, Easo Gazte eta Easo Kapera Gregorianista. 19:00etan, elizan.
  • Urtarrilak 28, igandea: Olatz Zugastiren kontzertua, 19:00etan, kiroldegian. Sarrera: 10 euro.
  • Otsailak 10, larunbata: Inauteriak, egun osoan, eta Oriaren traineru-jaitsiera, 16:00etan, errioan.
  • Otsailak 15, osteguna: Ane Lindaneren bakarrizketa, 19:00etan, kultur etxean.
  • Otsailak 18, igandea: Nomad Raid Marokorako errepide-bidaia solidarioaren irteera. Goizez, hondartzan.
  • Otsailak 19, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria, 18:00etan, kultur etxean.
  • Otsailak 23, ostirala: Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua, 19:00etan, kultur etxean.
  • Otsailak 25, igandea: Zaintza ekitaldia, 11:30ean, Herriko Plazan.
  • Martxoak 3, igandea: Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren dantza-emanaldia, 17:00etan, kiroldegian.
  • Martxoak 10, igandea: Gipuzkoa Dance Contest jaialdia, egun osoan, kiroldegian.
  • Martxoak 11, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria, 18:00etan, kultur etxean.
  • Martxoak 18-22: Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleen entzunaldiak.
  • Martxoak 22, ostirala: Danbolin Musika eta Dantza Eskolako eta Lezoko Tomas Garbizu Eskolako banden topaketa. 19:00etan, Herriko Plazan.

Korrika Kulturala

  • Martxoak 15, ostirala: Xirika antzerki-taldearen  Zopa  antzezlana, 19:00etan, kultur etxean.
  • Martxoak 19, asteartea: Korrika Txikia, bazkalondoan, herrian barrena.
  • Martxoak 19, asteartea: Bertso-poteoa Eneritz Artetxe eta Iñaki Gurrutxagarekin, 19:00etan, herrian barrena.
  • Martxoak 19, asteartea: Pintxo-jana, 20:30ean, Herriko Plazan.
  • Martxoak 19; asteartea: 23. Korrika Oriotik pasatuko da: 23:57an iritsiko da Aginagako Mapilera.
  • Martxoak 21, osteguna: Bizkarsoro  dokumentalaren emanaldia, 19:00etan, kultur etxean.