Orio eta Aiako Euskaraldiaren dinamizatzailea kontratatzeko deialdia egin du Euskaltzaleen Topaguneak

Euskaraldiaren 3. edizioa egingo da aurten azaroaren 18tik abenduaren 2ra, eta Euskaltzaleen Topaguneak pertsona bat kontratatuko du, Orion eta Aian edizio honetako lanak koordinatu eta dinamizatzeko. Urola Kostako Udal Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskaltzaleen Topaguneak eta horren bidez finantzatuko du kontratatzioa.

Lankidetza-hitzarmenaren arabera, Euskaltzaleen Topaguneak hiru langile hartuko ditu gure eskualdean proiektua dinamizatzeko: bat, Aian eta Orion aritzeko; bestea, Zarautzerako; eta beste bat, Zumaia eta Getariarako.

Dagoeneko martxan daude hiru dinamizatzaileak aukeratzeko lehiaketak. Otsailaren 14a izango da izena emateko azken eguna. 10 hilabetekoak izango dira kontratuak, egun erdikoak: 2022ko martxoaren 1ean hasi eta 2022ko abenduaren 31ra arte.

Langilearen eginkizunak

Orioko eta Aiako langilearen eginkizun nagusia bi herriotan Euskaraldia dinamizatzea izango da. Besteak beste, zeregin hauek bete beharko ditu:

  • Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta prestakuntza eskaini.
  • Euskaraldiko Batzordea eratu, ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea.
  • Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatu.
  • Entitateen lanketa planifikatu eta garatu.
  • Herritarrak ahobizi/ belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu.
  • Herritarren eta entitateen izen ematea antolatu.
  • Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostu herriko euskaltzaleekin.
  • Ekimenaren aurrekontua kudeatu.
  • Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatu. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egon, baita eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin ere.

Deialdian parte hartzeko baldintzak

Bestalde, hautagaiek bete beharreko baldintzak hauek dira:

  • Euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz).
  • Deialdi bakoitzari dagokion herria(k) eta eskualdea ezagutzea.
  • Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
  • Jendaurrean aritzeko eta jendearekin harremanetan jartzeko gaitasuna izatea.
  • Eragiteko gaitasuna izatea (ekimena herrian zabaltzeko eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia).
  • Kudeaketarako gaitasuna izatea.
  • Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…).
  • Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
  • Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
  • Gidabaimena eta autoa.

Argibideak eta izen-ematea

Lan-deialdirako izen-ematea Lansarean webgunearen bidez egingo da:

Euskaraldiko dinamizatzailea Orion eta Aian (lansarean.eus)

Nolanahi ere, deialdiari buruzko argibideak jasotzeko edota curriculumak bidaltzeko helbide elektroniko hau ere eskuragarri dago: mikel@topagunea.eus