Gaur goizean aurkeztu dute uztailaren 13an eta 14an ospatuko den 15. Bisiguaren Festa. Agerraldia Herriko Plazan egin da eta bertan izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, Udaleko ordezkari politiko Iñaki Makazaga eta Lourdes Salsamendi, Adrian Garcia turismo-teknikaria, Olga Idiakez Oriomar arrandegiko arduraduna eta herriko bederatzi parrillero: Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Juan Carlos Martinez, Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola, Sarasua erretegiko Joseba Etxezarreta, Orioko Barra jatetxeko Tati Martinez, El Vaskito jatetxeko Iñaki Azkue, eta Euskal Parrillako Aitor Atorrasagasti eta Aratz Arregi.
Esnalek adierazi duenez, herriko parrillak Orioko ondarearen erakusleiho ezinhobea dira, eta herriko estilo propioa ezaguna da gure mugetatik kanpo ere. «Baina gastronomia sustatzeaz aparte, administraziook erantzukizun handia dugu ondarearen transmisioan eta egiten dugunaren jasangarritasunean, eta horregatik, azken hilabeteetan, Bisiguaren Festako eragileekin gaiaz hausnartu dugu» azaldu du. «Espeziaren egoera ez da ona: Bizkaiko Golkoak bisiguaren arrantza-lekua izateari utzi dio, eta urrutira joan behar da bisiguaren bila. Gainera, bisiguak ezaugarri biologiko berezkoak ditu, espeziea berriz bere onera ekartzea zailtzen dutenak. Hori dela eta, Udalak arduraz jokatzeko erabakia hartu du. Datozen belaunaldiek ere bisigua dastatzeko aukera izan dezaten, guk ere ahalegin bat egitea erabaki dugu eta orain arte egin izan ditugun otorduak erdira jaistea erabaki dugu», nabarmendu du alkateak. Esnal pozik azaldu da eragile guztiek, elkarlanean, neurriak hartzeko erakutsi duten borondateagatik, eta festa «urteroko ilusio berarekin» ospatuko dutela ziurtatu du.
Jarraian, festaren inguruko informazio praktikoa eskaini du Garciak: «Aurtengo edizioan bi egunetara mugatuko da egitaraua, eta bi otordu emango dira guztira: larunbateko bazkaria eta igandeko bazkaria. Bakoitzean 220 pertsona inguruk jango du».
Hau izango da menua:
- Lodosako zainzuriak
- Tomate- eta hegaluze-entsalada
- Arrain-zopa
- Bisigua, parrillan erreta
- Postrea
- Kafea eta edaria
Otorduez gain, beste ekitaldi batzuk ere antolatuko dira asteburu horretan:
- Larunbatean, 11:00etan, Harribil dantza-taldeak, Salatxo abesbatzak eta Peio eta Nikolasa erraldoiek lagunduta egingo da jaiaren aurkezpen-ekitaldia. Bertan, urtero Tolosatik etortzen den boluntario-taldea omenduko da, otorduen prestaketan eta exekuzioan egiten duten lana aitortzeko.
- Larunbat eguerdian, 12:00etan hasita, Aldapa elkarteak marmitakoa prestatuko du. Razioa 3€an egongo da salgai eta sagardo-txotxa ere eskainiko da.
- Arratsaldean, 19:00ak aldera, sardinak eta barazkiak parrillan jateko aukera egongo da Herriko Plazan, txotx sagardoarekin batera eta musikaz girotuta.
- Eta igandean, azkenik, 10:00etatik 12:00etara, bisigu erre lehiaketa egingo da herriko elkarte gastronomikoen artean.
Bisiguaren Festak Hazi fundazioaren eta Eusko Labelen babesa du.
Otordutarako txartelak
Txartelak uztailaren 6an, larunbatarekin, jarriko dira salgai 8:00etan turismo-bulegoan. 60 euroko prezioa izango dute, eta lehen egun horretan, oriotarrek soilik erosi ahal izango dituzte. Uztailaren 7tik aurrera, ordea, kanpotarrei ere emango zaie erosteko aukera.
Pertsona bakoitzak, gehienez, mahai bat erreserbatu ahal izango du. 10 laguneko mahaiak dira; gehienez ere, 11 pertsona sartu daitezke, estuago. Ez da onartuko pertsona batek zerbitzu berean mahai bat baino gehiago hartzea, nahiz eta beste pertsona baten nortasun-agiria edo ordezkapen-agiria izan.
Iaz bezala aurten ere, sarrerak erosteko unean bertan ordaindu beharko dira, txartelarekin edo eskudirutan.