Udalak 2024ko azaroko udalbatzarrean onartu zuen 2025eko egutegi fiskala. Egutegian zehaztutakoaren arabera, ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa aurreratu egingo da aurten. Borondatez ordaintzeko epea otsailaren 1etik martxoaren 31ra izango da, eta ordainketa helbideratuta duten herritarrei otsailaren 7an kobratuko zaie.
Zirkulazio-zerga helbideratuta duten herritarrek doan jasoko dute etxean Aparkatzeko Udal Txartela, baldin eta Udaleko zergen ordainketan egunean badaude. Egiaztatze-prozesu horrek epe bat behar izaten du eta, horregatik, azken urteetan txartelen bidalketa Udalak nahi baino gehiago atzeratu izan da.
Aurten gauza bera ez gertatzeko eta txartelen bidalketa garaiz egiteko, ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa apiriletik martxora aurreratzea erabaki du Udalak. Horrenbestez, pegatinak apirilean bidaltzea aurreikusten du, denboraldi ertaina hastearekin batera.
Gero eta ibilgailu gehiago herrian
2015ean 3.100 ibilgailu zeuden erroldatuta Orion, eta gaur egun 3.800 dira 6.100 biztanleko herrian. Horrek agerian uzten ditu herrian aparkatzeko dauden zailtasunak, eta ibilgailuen zirkulazioak herrigunean duen pisua.