Erabilera turistikodun etxebizitzak erregulatzeko ordenantzak behin betiko onarpena jaso du eta indarrean dago dagoeneko.
Orioko Udalaren erronka estrategikoetako bat da herria modu jasangarrian haztea. Hori bermatzeko, hainbat neurri hartu ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, eta horien berri eman zuen duela bi aste. Etxebizitzei dagokienez, herriaren egoera eta herritarren beharrak ezagutzeko azterketak egin ditu azken urteetan, eta horietan oinarritu da neurri berriak ezartzeko, etxebizitzen erabilerari buruz, beren izaerari buruz eta tasei buruz.
2024an etxebizitzen diagnostikoa egin ondoren, neurri zorrotzagoak hartu behar direla ondorioztatu zuen Udalak. Diagnostiko hori Guk Oriori webgunean dago ikusgai. Hona hemen datu aipagarri batzuk, diagnostiko-txostenetik hartuta:
Joera demografikoak eta etxebizitza-merkatuan duten eragina
Orioko biztanleria %38,5 hazi da XXI. mendean: 1.704 biztanle gehiago. 2023an, 6.131 biztanle zeuden erroldatuta Orion. Igoera barne-migrazioak eta atzerritarren etorrerak eragin dute nagusiki, ordena horretan.
Hazkunde horrek presioa eragin du etxebizitzen merkatuan eta, ondorioz, gazteen emantzipazio-tasak %21 egin du behera. Bestalde, Orioko etxebizitzen %20 dira bigarren etxebizitzak, hau da, beste nonbait bizi diren herritarrenak (Gipuzkoako kostaldeko udalerrien portzentaje bertsua da).
Etxebizitza hutsak
Guztira, 340 etxebizitza identifikatzen ditu txostenak, Orion, inor erroldatuta ez dutenak; hau da, etxebizitzen %12,2. Portzentaje hori nabarmen gutxitu da azken urteetan: %21,6tik %12ra. Alde Zaharra da etxebizitza huts gehien dituen zonaldea (97 etxebizitza huts).
Etxebizitza turistikoak
Gaur egun 1041 plaza turistiko daude herrian: 764 kanpinean, 110 hoteletan, 29 pentsioetan, 72 apartamentu turistikoetan eta 66 landetxe eta nekazaritza-turismoetan. Horrez gain, 54 dira izaera turistikoa duten etxebizitzak; guztira, 253 plaza turistiko. Beraz, herrian 3.006 etxebizitza daudela kontuan hartuta, %1,79 dira turistikoak.
Etxebideko eskaerak
Orion 2023ko 3. hiruhilekoan, guztira, 485 eskaera zeuden erregistratuta Etxebiden etxebizitza babestua lortzeko; horietatik 292 (%60,21) udalerrian erroldatutako pertsonek eginak eta gainontzeko 193 (%39,79) beste nonbait erroldatutako pertsonenak. Etxebizitza babestuen Orioko eskaera Euskadikoa baino askoz handiagoa da.
Ondorioak
Egoera horri erantzuteko, hauek dira Udalak azken hilabeteetan hartu dituen neurriak:
- Ez da etxebizitza turistiko gehiago jartzea baimenduko, herriko etxebizitzak bizitegi gisa erabiltzen direla bermatzeko. Horren barruan sartzen dira etxebizitza turistikoak, etxebizitzetako logela turistikoak, apartamentu turistikoak, hotelak, pentsioak… Gaur egun Orion dauden etxebizitza, apartamentu eta ostatu turistikoek, aldiz, erabilera horri eutsi ahal izango diote baldin eta Euskadiko Turismo Erregistroan inskribatuta badaude eta Udalaren baimena badute.
- Etxebizitza hutsen errekargua %50etik %100era igo da.
- HAPO berrian, garatuko diren etxebizitza-eremu guztietan etxebizitza babestuak eraikiko direla jaso du Udalak.
Azken puntu horren inguruko xehetasunak Guk Oriori atariko Herri-eredua erronkaren barruan dituzue, HAPOa lan-lerroan. Hemen informazio gehiago.