Ostiraletik igandera ospatuko da 14. Bisiguaren Festa, eta Herriko Plazan zerbitzatuko diren lau otordu jendetsuez gain, beste hainbat jarduera ere bilduko ditu programak. Marmitako herrikoia eta Orioko elkarte gastronomikoen arteko lehiaketa izango dira horien artean nabarmenenak, eta Urdaira eta Satxota sagardotegietako uzta dastatzeko aukera ere izango da.
Larunbatean, uztailak 15, sagardo-dastaketarekin abiatuko da eguneko agenda. 12:00etatik aurrera, Herriko Plazan izango dira Urdaira eta Satxota sagardotegietako upelak, eta 0,5 euroren truke, biak probatu ahal izango dira. Horretarako, edalontzi berrerabilgarriak eskainiko dira euro baten truke.
Sagardoari laguntzeko, marmitakoa banatuko da ordu horretan plazan, eta errazioak 3 euro balioko du. Ohi bezala, Aldapa elkartea arduratuko da prestaketaz.
Igandean, uztailaren 16an, herriko elkarte gastronomikoen arteko bisigu erre lehiaketa egingo da, ohi bezala. Iaz bezala herriko zortzi elkarteek eman dute izena, eta 12:00etatik aurrera hasiko dira lanean, Herriko Plazan. Irabazleak ebatzi ostean, Eguneko Zentroan eta Azurza etxean banatuko dira bisigu erreak.
Moilako errepidea, itxita
Uztailaren 14ko 20:00etatik uztailaren 16ko 20:30/21:00ak arte, moilako errepidea itxita egongo da segurtasunagatik. Salbuespen bakarra uztailaren 15ean, larunbatarekin, egingo da, goizeko 8:30etik 12:00ak arte hornitzaileentzat zabalduko baita bidea.
Igandean, aldiz, Orio Kanpina 11. Bandera dela-eta, bidea ez da goizean zabalduko. Plazan bertan jarriko du aisialdi-gunea Eusko Label ligak: pantaila erraldoia, hegaluze-dastaketa, edariak… Horrez gain, larunbatean, uztailaren 15ean, Orio Arraun Elkarteak kamisetak banatuko dizkie bazkideei osasun-zentroaren aurrean.