Sahararako janaria bilduko da larunbat goizean Herriko Plazan

Herriko boluntario-talde batek janari-bilketa antolatu du egun hauetan, gero janari hori Saharara bidaltzeko. Hiru modutara egiten ari dira bilketa: Orioko bi ikastetxeetan, herriko janari-dendetan eta Herriko Plazan larunbatean jarriko duten haimaren bidez.

Aurrena herriko bi ikastetxeetan abiatu zuten aurtengo janari-bilketa eta, aste honetan, ostiralean eta larunbatean, otsailak 4 eta 5, herriko janari-dendetan egingo dute. Horrez gain, larunbatean bertan, otsailak 5, haima bat jarriko dute Herriko Plazan, goizez, 10:00etatik 14:00etara, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Jasoko den jeneroa

Denboran luzez irauten duen jeneroa da bilduko dena: lekaleak (lentejak, babarrunak, garbantzuak…), pastak, arroza, arrain-kontserbak… Horrez gain, konpresak ere bilduko dituzte.

Jasotako jenero guztia Tindufeko kanpamendura eramango da, hango errefuxiatu sahararren artean banatzeko.