Urtero bezala, Sahararen aldeko euskal karabana abian jarriko da, milaka errefuxiaturi laguntza emateko. Martxoaren hasieran Durangotik irtengo dira kamioiak Tindufeko kanpalekurantz, eta horren aurretik, janari-bilketak egingo dira herriz herri datozen asteetan.
Orioko Saharen Aldeko Taldeak ere janaria bilduko du herrian. Ikastetxeekin harremanetan jarri dira eta, gaia ikasleekin lantzeaz gain, bilketak egingo dituzte Zaragueta eskolan eta ikastolan datozen egunetan.
Horrez gain, otsailaren 1ean, larunbatarekin, janari-bilketa nagusia egingo dute 10:30etik 13:30era Herriko Plazan. Egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak jasoko dituzte: arroza, dilistak, babarrunak, pasta, atun-latak, sardinak, azukrea, botikak eta konpresak.
Bilketa osagarria
Aurten, gainera, bilketa indartzeko ekimen bat antolatu du Sahararen Aldeko Taldeak. Elikagaien bankuak urtero egiten duen janari-bilketa hartu du oinarri, eta Orioko Eroski saltokian janari-bilketa egingo dute asteburu honetan, urtarrilak 24 eta 25. Ostiral arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, egun osoz, Eroski supermerkatuan izango dira taldeko kideak, eta haiekin elkarlanean ariko dira Esperientzia Eskolako eta Ireki Begiak elkarteko kideak ere.
Saltokira sartzen diren herritarrei ekimenaren berri eman eta nola lagundu azalduko diete.
Karabana hau oso garrantzitsua da baldintza eskasetan bizi diren errefuxiatuentzat, eta laguntza emateko modu bat da, bakoitzak ahal duen moduan bere aletxoa jartzea. Jasotako guztia Tindufeko kanpamentuetara bidaliko da eta errefuxiatuen artean banatuko da.