Orioko Udalak neguko programaren berri eman du

San Nikolas festetako eta Gabonetako ekitaldi-betekadaren ondoren, Orioko Udalak tarte txiki bat utzi du ohiko jardueren martxara itzultzeko. Ohi bezala, herriko eragileekin prestatu du urtarriletik martxorako ekintzen programa, eta gaur, urtarrilaren 24an, banatuko da etxez etxe eskaintzaren berri ematen duen eskuorria.

Literatura, dantza, kirola, antzerkia eta musika izango dira 2025eko lehen hiletako protagonistak. Urtarrileko azken astean, esaterako, bi ekitaldi hauek programatu ditu Udalak: 3-6 urte arteko haurrentzako ipuin-kontalaria, batetik, eta Ander Izagirre kazetari eta idazleak kaleratutako Elkanoren herriari bueltaka liburuaren inguruko hitzaldia, bestetik.

Otsaila ere ildo beretik abiatuko da, Mestiza elkarteak eta Haurreskolako guraso-elkarteak antolatutako Liburu Baby Kluba saioarekin, eta norabide berean bukatzea da asmoa, ipuin-kontalariaren hileko saioarekin.

Tartean, ostera, urteroko hainbat hitzordu izango dira: Santa Agenda eskea, Oriaren traineru-jaitsiera, Nomad Raid bidaia solidarioa eta Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren dantza-emanaldia. Horiez gain, bi ikuskizun izango dira herrian: Kimua Dantza Kolektiboaren Generorantz dantza-saioa eta Hika Teatroaren Zorretan antzezlana, hilaren 9an eta 16an, hurrenez hurren.

Martxoan ere, urteroko hitzorduak nagusituko dira: Inauteri-festa, Gipuzkoa Dance Contest dantza-emanaldia, Talai-Mendi elkarteak antolatutako mendi-ibilaldia eta Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleen musika-entzunaldiak. Eta, gainera, haurrei zuzendutako bi saio ere egingo dira: martxoaren 7an, 0-4 urte arteko haurrentzako Azalerako ipuinak ikuskizuna, Hegoak lantaldearen eskutik; eta martxoaren 15ean, laster zehaztuko den haurrentzako film baten emanaldia, kultur etxean.

Jarraian dituzue saio guztien xehetasunak:

Urtarrila

Urtarrilak 21, asteartea, 16:30: Haurreskolako guraso-elkarteak antolatutako hitzaldia: Lehen sorospena. Maria Maestra Haurreskolan.

Urtarrilak 27, astelehena, 18:00: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa. 3-6 urteko haurrentzat, kultur etxean.

Urtarrilak 29, asteazkena, 19:00: Ander Izagirreren hitzaldia: Elkanoren herriari bueltaka. Salatxo aretoan.

Otsaila

Otsailak 3, astelehena, 17:30: LIBURU BABY KLUBA. Ipuinak eta abestiak. Mestiza elkarteak eta Haurreskolako guraso-elkarteak antolatuta. 0-3 urteko haurrentzat, kultur etxean.

Otsailak 4, asteartea: Santa Ageda Eskea, kalez kale. 10:30: Zaragueta Herri Eskolan. 18:00: Orioko Herri Ikastolan.

Otsailak 9, igandea, 18:30: Generorantz dantza-emanaldia, Kimua Dantza Kolektiboaren eskutik, Karela kiroldegian.

Otsailak 15, larunbata, 16:00: 31. Oriaren traineru-jaitsiera, Orio Arraunketa Elkarteak antolatuta.

Otsailak 16, igandea, 12:00: Nomad Raid bidaia solidarioa, hondartzako aparkalekutik abiatuta.

Otsailak 16, igandea, 18:00: Zorretan antzezlana, Hika Teatroaren eskutik, kultur etxean.

Otsailak 23, igandea, arratsaldean: Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren dantza-emanaldia, Karela kiroldegian.

Otsailak 24, astelehena, 18:00: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria, 3-6 urte arteko haurrentzat, kultur etxean.

Martxoa

Martxoak 1, larunbata: Inauteri festa.

Martxoak 7, ostirala, 17:00: Azalerako ipuinak haurrentzako ikuskizuna, Hegoak lantaldearen eskutik. 0-4 urteko haurrentzat, kultur etxean.

Martxoak 9, igandea, goizez eta arratsaldez: Gipuzkoa Dance Contest dantza-emanaldia, WMDEk antolatuta, Karela kiroldegian.

Martxoak 15, larunbata, 17:00: Haurrentzako filma, kultur etxean.

Martxoak 16, igandea, 08:00: Talai-Mendi elkarteak antolatutako mendi-ibilaldia, Zaragueta Herri Eskolatik abiatuta.

Martxoaren 11tik 21era, arratsaldez: Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleen musika-entzunaldiak, kultur etxean.

Martxoak 25, asteartea, 18:00: Dorleta Kortazar ipuin-kontalaria, 6 urtetik aurrerako haurrentzat, kultur etxean.

Martxoak 31, astelehena, 18:00: Miriam Mendoza ipuin-kontalaria, 3-6 urteko haurrentzat, kultur etxean.