Iaz egin zen lehen aldiz Parrilla Festa, Orioko ondare gastronomikoa ospatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Lehen edizioaren ondoren, festak jarraipena izango du aurten ere, urriaren 2tik 4ra. Ondarearen transmisioa eta jasangarritasuna izango dira berriro festaren ardatzak, eta herriko eragile eta herritarrek protagonismo berezia izango dute.
Festaren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur goizean, irailak 16, Herriko Plazan egin den agerraldian. Sugarrak piztu dira berriro Parrilla Festa aurkezteko; muxarra, kogotea eta zapoa erre dira, sasoiko arrainak. Agerraldian hartu dute parte:
- Orioko Udaleko Anuska Esnal alkatea; Iñaki Makazaga eta Lourdes Salsamendi zinegotziak; eta Adrian Garcia turismo-teknikaria.
- Joxe Miel Zendoia (Katxina jatetxea), Luis Mari Uranga eta Juan Carlos Martinez (Xixario jatetxea) parrilleroak.
- Joxe Miel Zendoia (Bodega Katxina), Guillermo (Blai Txakolindegia), Mikel Errasti (Zudugarai txakolindegia) eta Ramon Errasti (Arbela Txakolina) txakolin-zaleak.
- Jon Mujika Orioko Kofradiako presidentea.
- Amaia Gozategi (Boga-Boga), Mikel Rekarte (Arkaitz), Amaia Garate (Mirotza) eta Urko Maestre (Villa Antilla) herriko tabernetako arduradunak.
- Nerea Etxeberria Kutixi kafetegiko arduraduna.
- Olga Idiazkez (Oriomar) eta Marixabel (Ardora) arrainzaleak.
Anuska Esnalek Parrilla Festaren izaera nabarmendu du: “Parrilla Festa ez da festa gastronomiko soil bat. Ondare kulturala transmititzeko eta zabaltzeko ardura dute administrazio publikoek, eta herriko ondare gastronomikoa ospatzeaz gainera, zabaldu eta konpartitu egingo dugu. Erabiltzailearen rola berezia izango da: ez da jatetxe batean bezala eseri eta janaria dastatzera mugatuko; rol aktiboa izango du, ikasi egingo du eta esperientzia gastronomiko bat biziko du”.
Ondarearen transmisioa eta jasangarritasuna festa antolatzeko gidalerroak direla ere azpimarratu du alkateak: “Gure izaera, kultura eta horren parte den itsasoa zainduko duen festa antolatu nahi izan dugu. Kontua ez da parrillak plazara ateratzea eta piztea, baizik eta urterik urte plazan parrillak pizten jarraitzea”.
Ekintza paraleloak
Jarraian, festaren nondik norakoak azaldu ditu Adrian Garcia turismo-teknikariak. Izan ere, ekitaldi nagusiak urriaren 2tik 4ra egingo badira ere, gastronomia eta arrantzaren gaineko ezagutza hedatzeko saioak egingo dituzte datozen asteetan.
Arrantza eta Gastronomia izenburupean, hainbat ekitaldi antolatu dira.
Irailaren 18an, 18:00etan, Kultur Etxean, Nola erosi arrandegian? saioa egingo da. Olga Idiakezek (Carmen arrandegia), arraindegian aurkitu daitezkeen arrain motak, zein garaitan dauden, nola erosi eta nola garbitu azalduko du. Arraindegira joateko beldurra kentzeko saioa izango da.
Irailaren 23an, 19:00etan, Kultur Etxean, Kofradiaren eraikinak 100 urte saioa egingo da. Jon Agirresarobek eta Pedro Miguel Urangak Kofradiaren eraikinaren inguruan hitz egingo dute.
Irailaren 30ean, 18:00etan, Aldapa elkartean, sukaldaritza-saio praktikoa egingo da. Kofradia Itsas Etxeko kudeatzaileak arraina modu errazean prestatzeko errezetak erakutsiko ditu. Saioa doakoa izango da, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea turismo-bulegoan.
Horrez gainera, urriaren 2an, festaren egitarauaren barruan, haurrei zuzendutako Izan arrantzale ikastaroa egingo da 17:00etan moilan. Kofradia Itsas Etxeko begiraleen bitartez, gazteek arrantzarako teknikak ikasiko dituzte: kanabera nola prestatu, amu motak eta aparejua nola prestatu, besteak beste. Parte hartzeko ez da materialik eraman beharko, antolatzaileek jarriko baitute beharrezko guztia.
Pintxo-potea: esperientzia gastronomikoa
Parrilla Festa urriaren 2an hasiko da; 20:00etan egingo da irekiera ofiziala eta parrillak piztuko dituzte. Jarraian, 20:05ean, pintxo-pote berezi bat izango da plazan: herriko parrilleroak arraina erretzen ariko dira eta, talde txikitan, herritarrei azaldu eta erakutsiko diete arraina Orioko modura nola erretzen duten.
10-12 pertsonako taldeetan egingo da esperientzia, eta parrillero bakoitzak bere jardunaren nondik norakoak azalduko ditu: arrain bakoitzaren ezaugarriak, prestatzeko modua, parrillan nola erretzen den edota olio-errea nola egin eta botatzen zaion. Egunean bertan lonjatik ekarritako sasoiko arrainak izango dira. Muxarra, erreboiloa, txitxarroa, zapoa edo une horretan eskuragarri dagoen beste arrainen bat izan daiteke.
Pintxo-potean parte hartzeko eta pintxoak dastatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik txartela turismo-bulegoan eskuratzea, 15 euroan. Txartel bakoitzarekin sasoiko arrainen bi pintxo, bi sardina, gilda bat eta herrian ekoitzitako txakolinen lau trago dastatzeko aukera izango du pertsona bakoitzak.
Herriko Plaza elkarte gastronomiko bihurtuko da
Urriaren 3an, larunbatean, Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko da, eta 200 bat lagunek izango dute otordua egiteko aukera. Bazkari berezia izango da. Herriko tabernek prestatutako errazioak izango dira lehenengo plater modura, baita postrea eta edaria ere, baina arraina erabiltzaile bakoitzak ekarri beharko du, baldintza batekin: Orioko arraindegi batean erositako arraina izan beharko du. Erosketa-tiketa eskatuko da, eta Orion erosi ez den arraina ezingo da parrilletan erre.
Lehen platerak dastatu ostean, talde bakoitzeko ordezkari batek edo bik eurek prestatuko dute arrain errea parrillan, herriko parrilleroen laguntzarekin. Helburua ikastea eta ondarea transmititzea denez, parrilleroak bertan izango dira aholkuak eman, lagundu eta arraina Orioko modura nola egiten den erakusteko.
Herriko tabernek prestatuko dituzte sarrerako errazioak: entsalada, txanpinoiak, txipiroia eta txuleta-paella. Postrea eta edaria ere izango dira.
Bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek taldeetan antolatu beharko dute. Talde bakoitzeko ordezkari bat edo bi izango dira arraina parrillan erretzeaz eta mahaiaren antolaketan laguntzeaz arduratuko direnak.
Pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu —arraina aparte—. Prezioan sartuko dira errazioak, ikatza, olioa eta sua egiteko beharrezko materiala, ura eta sagardo-txotxa. Beste edari batzuk ere salgai izango dira, prezio murriztuan, elkarte gastronomikoetan bezala.
Bukatzeko, marmitakoa
Igandean, azkenik, marmitakoa eta Txakolin Eguna ospatuko dira.
Aldapa elkarteak ohiko marmitakoa prestatuko du 12:30etatik aurrera. Errazio bakoitzak 4 euro balioko du. Mahaiak jarriko dira plazan, herritarrek marmitakoa bertan hartu eta eserita jateko aukera izan dezaten. Marmitakoa osatzeko, herriko tabernek ere bestelako errazioak prestatuko dituzte eta salgai jarriko dituzte plazan.
Horrez gainera, Txakolin Eguna ospatuko da. Inguruko lau ekoizleren txakolinak dastatzeko aukera egongo da: Bodega Katxina, Blai Txakolindegia, Arbela Txakolina eta Zudugarai. 6 euroren truke, lau txakolindegietako txakolin-trago bana dastatu ahal izango da.
Orioko Udalak datozen asteetan emango ditu jarduera bakoitzaren inguruko azalpen gehiago.
Hauxe da egitaraua:
Parrilla Festa
Urriak 2, ostirala
- 20:00 Parrillak piztu eta irekiera ekitaldia.
- 20:05 Sasoiko arrainen pintxo-potea.
Urriak 3, larunbata
- 13:30 Elkarte gastronomikoa plazan. Arraina Orioko modura erreta, herriko parrilleroen laguntzarekin.
- 20:0o Sasoiko arrainen pintxo-potea.
Urriak 4, igandea
- 12:30 Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.
- Txakolin Eguna: Bodega Katxina, Blai Txakolindegia, Arbela Txakolina eta Zudugarai.
Beste ekintzak
Arrantza eta gastronomia
- Irailak 18, ostirala: Nola erosi arrandegian? Olga Idiakez, Carmen arrandegia. 18:00etan, Kultur Etxean.
- Irailak 23, asteazkena: Kofradiaren eraikinak 100 urte. Jon Agirresarobe eta Pedro Miguel Uranga. 19:00etan, Kultur Etxean.
- Irailak 30, asteazkena: arraina prestatzeko sukaldaritza-saio praktikoa. 18:00etan, Aldapa elkartean. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea turismo-bulegoan.
Haurrentzako ikastaroa: Izan arrantzale
- Urriak 2, ostirala. 17:00etan, moilan.
