Txalupan programaren deialdia egin du Udalak, 2026-27 ikasturterako

Orioko Udalak eta herriko hezkuntza-alorreko eragileek 2023an jarri zuten abian Txalupan programa, hizkuntza- eta gizarte-integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleei zuzenduta. Errefortzu-eskoletatik haratago, planteamendu globalago bat egiten du ekimenk, herriko ikasleen premiei behar bezala erantzuteko. Programan parte hartzeko, izena eman behar dute familiek eta horretarako epea zabalik dute maiatzaren 27ra arte. Izen-ematea herriko ikastetxeen bidez egin behar dute.

Herrian haurrentzat antolatzen diren jarduerak ez dira iristen ikasle batzuengana, gurasoek horien berri ez daukatelako, edo  beren seme-alabentzako modukoak ez direla uste dutelako, edo, besterik gabe, ordaindu ezin dituztelako. Eta, horrela, herriko haurren arteko arrakala sortzen da eskolaz kanpoko jardueretan. 

Txalupan programan parte hartzen duten haurrei aukera ematen zaie herriko aisialdi- eta kirol-eskaintza eta bestelako eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko.

Programaren onuradunak

Programaren onuradunak hizkuntza- eta gizarte-integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleak izango dira: HHtik hasi eta DBH4ra bitartekoak. Ikasle horiei aukera emango zaie herriko eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko 2026-27 ikasturtean eta 2027ko udan, eta Udalak ordainduko ditu jarduera horien kostuak, programaren aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian.

Programan parte hartzeko, interesatuek herriko bi ikastetxeen bidez aurkeztu behar dute eskaera, 2026ko maiatzaren 27a baino lehen.

Hemen daude aurtengo deialdiaren oinarriak, PDF formatuan.