Zabalik da San Silvestre lasterketan izena emateko epea

Orioko Atletismo Taldeak urte amaierako San Silvestre lasterketa antolatu du, Udalaren laguntzarekin. Izen-ematea zabalik da jada, eta herrikrosa.eus atariaren bidez egin behar da. HH5etik aurrerako haurrek doan parte hartzeko aukera izango dute, eta egunean bertan eman beharko dute izena, lasterketa abiatu baino lehentxeago.

Urtea behar bezala agurtzeko, ohikoa den bezala, Orion ere San Silvestre lasterketa antolatu du Atletismo Taldeak. Abenduaren 31n, goizeko 11:00etan, izango da lehen hitzordua, eta adinaren araberako taldeetan banatuta hartuko dute parte HH5etik DBH2ra arteko gaztetxoek:

  • 11:00etan, HH5etik beherako haurren proba, 150 metro
  • 11:10ean, LH1 eta LH2ko haurren proba, 300 metro
  • 11:20an LH3 eta LH4ko haurren proba, 600 metro
  • 11:30ean LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko haurren proba, 1.700 metroko buelta txikia

Gaztetxoek ez dute aurrez izenik eman behar, eta lasterketa doakoa izango da haientzat.

Helduen proba

12:00etan abiatuko da, ostera, helduen taldea, eta 5.000 metro inguruko ibilbidea egingo dute, guztira: 1.700 metroko buelta txikia + 3.300 metroko buelta handia. Azken urteetakoarekin alderatuta, hondartzako zatia laburragoa izango da aurten.

Berrikuntza gisa, izen-ematea herrikrosa.eus plataformaren bidez egin beharko da, eta 8 euroko kostua izango du.

Sariei dagokienez, lehen hiru emakumeentzako eta gizonentzako garaikurrak izango dira, eta parte-hartzaileen artean sariak zozkatuko dituzte. Animatu!