Urola Kosta Udal Elkarteak, Garapen Agentzien Euskal Elkartearen lankidetzarekin, EnpleGU egitasmoa jarriko du martxan. Ekimen honen bidez, langabezian dauden pertsonei edo laneratzeko prozesu batean daudenei funtsezko trebetasunak eta gaitasun profesionalak garatzen lagundu nahi zaie. Eta besteak beste, zaintzaren alorrean lan egin nahi duten herritarrentzako formakuntza eskainiko dute datozen hiletan.
Mendeko pertsonentzako arreta soziosanitarioa erakundeetan formakuntza zazpi hilabetez luzatuko da, otsailean hasi eta urrira bitarte (abuztuan oporrak). Eskolak Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoan emango dira, arratsaldez, 15:00etatik 20:00etara. Eta alor hauek landuko dira:
- Lanbide Ziurtagiria: SSCS0208 – Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta (LAP 30 ordu + prestakuntza 450 ordu + praktikak 80 ordu)
- Euskarako prestakuntza: eskualdearen izaera kontuan izanik eta jendaurrekoa arreta denez, euskara sustatzea indartu nahi da. (20 ordu)
- Zeharkako gaitasunak lantzeko prestakuntza (40 ordu)
- Akonpainamendua: Gaitasun pertsonal eta profesionalak lantzeko.
Doako formakuntza izango da: %40 Euskadiko 2021–2027 Europako Gizarte Funtsa Plus Programak finantzatzen du, eta gainerako %60a, Urola Kosta Udal Elkarteak. Eta ikasturtearen bukaeran, zaintzaren alorrean lan egin nahi duten herritarrentzako funtsezkoa den Lanbide Ziurtagiria eskuratuko dute parte-hartzaileek.
Informazio-saioak
Egitasmoaren inguruko informazioa zabaltzeko eta izen-ematean laguntzeko, bi informazio saio antolatu ditu Udal Elkarteak:
- Otsailaren 16an, astelehena: 9:30ean
- Otsailaren 18an, asteazkena: 13:30ean
Saio hauek Udal Elkartean bertan izango dira, Zarauzko Urdaneta kaleko 6. zenbakian. Informazio gehiago behar izanez gero, jarri haiekin harremanetan: lanpoltsa@urolakosta.eus edo 943 89 08 08.
