Datorren ostegunean, urriak 16, liburu berri bat aurkeztuko du Iñaki Iturainek Orioko kultur etxean, arratsaldeko zazpietan: ‘1936ko gerraren ubera Orion – Gerra bat barruan degula´.
Bi izenburu horiek eman dizkio egileak bere lanari. Liburuan 36ko gerrak Orion sortu zituen istorioak azaltzen ditu, istorio horien bidez osatutako historia. Gerra hasi aurreko egoera politikoa agertzen du. Ondoren, gerrako istorioak. Gerra-fronterik ez zen apenas egon Orion: astebete soilik, Igeldorako bidean. Baina gerra hark herriko familia guztiei eragin zien. Denetik egon zen: hildakoak, zaurituak, zigortuak, lanetik kanporatuak, gerrara behartuak, atzerriratuak (batzuk, betiko)… Handik aurrera ezer ez zen berdin izan inorentzat. 1936ko gerrak ubera triste eta mingarria utzi zuen Orioko herrian.
Ekitaldi irekia
Liburua osatzeko, hiru oinarri izan ditu idazleak: artxiboetako dokumentazioa, hemeroteka (liburuak eta prentsa), eta Orioko herritarrek ahoz azaldutako istorioak. Adineko herritar asko izan dira Iñakirekin hitz egin dutenak, gerrako kontuak azaldu dizkiotenak. Haiek denak daude gonbidatuta liburuaren aurkezpen-ekitaldira. Eta gerra hura gure artean nola joan zen jakin nahi duten guztiak ere bai. Ekitaldia irekia da.
Aurkezpena galdera-erantzunen bidez egingo da. Imanol Manterolak elkarrizketatu egingo du idazlea, kultur etxera bertaratzen direnen aurrean. Era horretan, egileak adieraziko du nola joan den liburua prestatzeko bidea eta gerrako istorio aipagarrienak azalduko ditu. Horrekin batera, liburura ekarri dituen gerra garaiko Orioko argazki ikusgarrienak erakutsiko ditu pantailan: zubia bota zutenekoak, gerran hildako gazte batzuenak…
Aurkezpenarekin batera, liburua eskuragarri izango dute herritarrek, salgai (gero liburu-dendetan baino merkeago). Hurrengo egunetik aurrera, herriko liburu-dendetan ere bai.