Pilotarhitza ikuskizuna emango du Mixel Etxekopar zuberotarrak urriaren 17an

Mixel Etxekopar musikari eta bertsolari zuberotarrak ‘Pilotarhitza’ ikuskizuna emango du Orioko kultur etxean urriaren 17an, ostiralarekin, 22:30ean hasita.

Dantza, musika eta bertsoa

Bi bertsolariren elkarrizketa (Maddiane Txoperena eta Mixel Etxekopar), musika eta dantza uztartzen ditu ikuskizunak, haria, betiere, pilota jokoa dela. Bost lagunek hartzen dute parte ikuskizunean: Mixel Etxekopar (flautak, klarinetea, kontrabaxua, kantua), Jean Christian Irigoien (soinua), Pierre Thibault (bateria, perkusioa), Mizel Theret (dantza) eta Maddiane Txoperena bertsolaria.

Gonbitak kultur etxean

Emanaldia doan izango da; baina, kultur etxeko plaza kopurua mugatua denez, 100 gonbita prestatu ditu Udalak eta, emanaldira sartzeko, beharrezkoa izango da gonbita aurkeztea. Pertsona bakoitzak bi gonbita jaso ditzake, aldez aurretik kultur etxean bertan eskatuta. Gonbitak gaur arratsaldean bertan hasiko dira banatzen.