Abenduaren 9an bedeinkatuko dira arraunlariek irabazitako banderak

Tradizioari jarraituz, Orioko taldeak Kontxako estropada edota Espainiako txapelketa irabazten duen urtean banderen bedeinkazioa egiten da. Orioko traineruak 2007an irabazi zuen azkenekoz Kontxako estropada eta, aurten berriz irabazi duenez, 2007tik hona Orioko Arraun Elkarteak irabazi dituen bandera guztiak bedeinkatuko dira abenduaren 9an: guztira, 160 bandera dira, horien artean aurtengo 17ak (6, bateletan; eta 11, trainerutan).

Bedeinkazioa eta bazkaria

Banderak 13:00etan bedeinkatuko dira elizan eta, ondoren, 14:30ean, herri-bazkaria egingo da Karela kiroldegiko pistan. Bazkariaz gain, musika ere izango da kiroldegian. Horrez gain, Strapalucio txaranga ibiliko da kalez kale egun osoan.

Txartelak erosteko

Txartelak azaroaren 21ean jarriko dira salgai Turismo bulegoan. Txartela erosteko azken eguna azaroaren 30a izango da. Bi txartel mota daude: haurrenak 15 euro balio du eta helduenak, berriz, 35 euro.

Haurren menua hau izango da: makarroiak tomatearekin, albondigak eta izozkia. Helduen menua, berriz, hau da: ganba-entsalada, piper beteak, txekor-masailak eta ijito-besoa izozkiarekin.

Karteleko argazkia Luis Lizarralde ‘Bixki’k egindakoa da.