AEK arduratuko da Orioko euskaltegiaz aurrerantzean ere

Aurreko ikasturtean bezala, Urola Kostako AEK izango da Orioko euskaltegiaz arduratuko dena aurrerantzean.

Udalak lehiaketa publikoa egin du, zerbitzu hori nork emango duen erabakitzeko, eta AEK izan da lehiaketara proposamenik onena aurkeztu duena, bai teknikoki eta bai ekonomikoki.

Udalak, beraz, kontratu bat sinatuko du AEKrekin irailean, zerbitzu hori emateko. Kontratuak hiru urteko iraunaldia izango du hasieran; baina beste hiru urtez luzatu ahal izango da, urtez urte. Udalak, gehienez ere, 38.440 euro ordainduko dizkio AEKri ikasturtero, zerbitzua emateagatik.

Lehiaketa berria egin da aurten

Iaz ere AEK-k irabazi zuen Udalak deitutako lehiaketa publikoa; baina kontratuaren prezioa txikiagoa zen (20.500 euro). Gero, ordea, oso matrikulazio-datu onak izan zituen euskaltegiak eta diru-kopuru hori ez zen iristen gastuak estaltzeko. Horregatik, Udalak berriro egin behar izan du lehiaketa aurten, diru-kopurua handituz. Aurtengo kontratuaren prezioa kalkulatzeko, Udalak estimazio bat egin du iazko matrikulazio-datuen arabera eta, ondorioz, 60 ikasle ingururi eman ahal izango dio AEK-k zerbitzua. Gutxi gorabehera, iaz euskaltegian ibilitako jende-kopuru bera.