AEK-k San Tomas azoka antolatu izan du Zarautzen azken hogei urtoetan, eta aurten, orain arteko planteamendua aldatu eta ospakizun horren barruan, Mintzodromoa ere izango da, euskara-ikasleek hizkuntza praktikatzeko aukera izan dezaten.
Mintzodromoa 11:00etan hasiko da Zarauzko udaletxe plazan eta 12:30ean bukatuko da. Bost laguneko taldeak osatuko dira, batzuk ikasleak eta beste batzuk euskaraz ondo egiten dutenak, eta talde horietan hiru gai planteatuko dituzte hitz egiteko. Gai bakoitzari buruz hogei bat minutuz arituko dira.
Lehenbiziko aldia da gure eskualdean Mintzodromoa antolatzen dena. Ekimearen helburua da Mintzalagun programa ezagutzera ematea, alde batetik, eta, bestetik, euskara ikasten ari direnentzat beste aukera bat sortzea dakitena giro atseginean praktikatzeko.
Parte-hartze irekia
Ekimena irekia da eta edozeinek dauka parte hartzea. AEK-k bereziki gonbidatu nahi ditu eskualdeko mintzalagun-taldeetan urtean zehar biltzen ari diren lagunak, egun horretan festa-giroan topo egiteko.
Izen-ematea
Parte hartu nahi dutenek abenduaren 15a baino lehen eman behar dute izena telefono honetara deituta: 625 485 215 edo posta elektroniko honetara idatzita: urolakosta@aek.eus.
Mintzalagun programa AEK-k gestionatzen du Urola Kosta eskualdean, Udal Elkartearekin eta eskualdeko udalekin elkarlanean.