Uztailaren 10ean egindako ekitaldian aurkeztu zuten, Arraunetxen bertan, aurtengo udako zerbitzuen eskaintza.
Aisialdiko eskaintza zabala du Arraunetxek herritari zein bisitarientzat eta, aurkezpen ekitaldian, eskaintza horren ezaugarriak azaldu zituzten Beñat Solaberrieta alkateak eta Begi-Bistan aisialdi-zerbitzuen enpresaren arduradunek. Begi-Bistan enpresak du Arraunetxeko aisialdi zerbitzuen ardura, Udalak egindako lehiaketa publikoan zerbitzu horren kudeaketa adjudikatu zitzaionetik.
Arrauna herritarrei gerturatzea
Arraun mundua ezagutu nahi duten herritar eta bisitariek aukera izango dute hori modu ludikoan egiteko. Arraunak garrantzi handia du Orion; baina, batez ere, kirol moduan hartzen dute herritar gehienek. Udalak Arraunetxen eskaintzen dituen zerbitzuen bidez, gerturatu egin nahi dio jendeari arraunketaren praktika, modu ludiko eta atseginean, aisialdiko zerbitzu baten gisan.
Ontziak Arraunetxen uzteko aukera
Herritarrek aukera daukate beren ontzia (piragua, zodiak, txalupa…) Arraunetxen uzteko, errenta txiki bat ordainduta; eta horrek eskubidea ematen die Arrauntxeko hainbat azpiegitura erabiltzeko.
Materiala alokatzeko aukera
Bestalde, Arraunetxen bertan aukera dago arraunerako materialak alokatzeko: kayakak, arraun-ontziak, arraun-surfa egiteko oholak, rafting-eko ontziak, aulki mugikorrekoak… Materiala alokatzeaz gain, Begi-Bistan enpresak ikastaro eta saioak antolatzen ditu erabiltzaileentzat. Aurkezpenean azpimarratu zutenez, arreta berezia jartzen dute adin eta mota guztietako jendearentzako aukerak ematen; baita ezintasunen bat edota zailtasun bereziak dituzten herritarrentzako aukerak ere sortzen.
Euskadi eta Arrauna
Arrauna herritarrei gerturatzeko ahalegin horretan, Euskadi eta Arrauna izeneko jarduera nabarmendu daiteke. Orioko Arraun Elkarteak, Satxota Sagardotegiak eta Begi-bistan enpresak elkarlanean sortutako jarduera da, arrauna eta euskal gastronomia pakete bakarrean biltzen dituena. Hiru orduko irteera bat da. Parte-hartzaileek, aurrena, azalpenak jasoko dituzte arraunaren sorrerari buruz eta Orion daukan garrantziari buruz; ondoren, arraun egingo dute Arraunetxetik abiatuta; eta, saioa bukatzeko, Satxota sagardotegira joango dira, han sagardo-dastaketa egitera.
Informazioa
Zerbitzu horiei guztiei buruzko informazioa www.begi-bistan.com webgunean jaso daiteke edo, bestela, 943-862241 telefonora deituta. Zerbitzuak kontratatzeko ere telefono horretara deitu behar da.