Dagoeneko pare bat hilabete pasa dira Udalak erabaki zuenetik Herriko Plaza asteburuan oinezkoentzat uztea. Bitarte horretan, Udalak herritarren eta merkatarien hainbat proposamen jaso ditu eta, horiek aztertu ondoren, aldatu egin ditu aurrez hartutako hainbat erabaki.
Aldaketa nagusiak bi dira:
- Alde batetik, plaza inguruko dendariek eskatuta, herritarrek aukera izango dute plazara ibilgailuan sartzeko larunbat eguerdira arte, erosketaren bat egiteko edota jeneroaren karga eta deskargarako. Ibilgailuen zirkulazioa goizeko 8etan desbideratuko da moila aldera, orain arte bezala; baina, behar dutenek aukera izango dute plazara sartzeko. Larunbat eguerditik aurrera guztiz itxita geratuko da plazarako sarrera ibilgailuentzat.
- Bestalde, azken hilabeteotan Goiko Kalean sortu diren trafiko-arazoak aztertu ondoren eta bizilagunen proposamena aintzat hartuta, debekatu egingo da Iturbide kaletik barrena doan bidea erabiltzea, herritik ateratzeko. Oriotik ateratzeko bidea Txanka-Hondartzakoa izango da eta hori adierazten duten seinaleak jarriko dira Iturbide kalearen hasieran.