Antxiola kalearen irisgarritasuna hobetuko du Udalak

Datorren astean hasiko da Antxiola kalearen irisgarritasuna hobetzeko lanen I. fasea. Egingo diren lanen bidez, Udalak hobetu egin nahi du kale horretako atarien irisgarritasuna. Lan hori 2011n onartutako Orioko Irisgarritasun II. Planean jasota dago.

Egingo diren lanen bidez ezin izango da Antxiola kalearen aldatsa aldatu (bataz beste, %19ko aldatsa du kaleak); baina mugikortasun arazoak dituztenentzat —eta, oro har, bizilagun guztientzat— erosoago izango da kalean mugitzea.

Egingo diren lanak

  • Batetik, Antxiola 9-11 atarietara iristeko, etxearen atzeko aldeko pasaera egokituko da, kota jaitsiz eta 2,00m zabaleko pasabide bat egokituz. Horrela, eskailerarik gabe iritsi ahal izango da 9-11 atarietara.
  • Antxiola 5eko atariko sarbidea ere egokitu egingo da. Neurriak hartuko dira arriskurik ez izateko eta sarbidea egokitzeko.
  • Antxiola 13-15 eta 17 atarietarako, berriz, Dikeko aldaparen hasieran dagoen planteamendu berbera aplikatuko da: aldatsa egokituko da eta dauden eskailerak kendu. Horrez gain, lagungarri izateko eta babeserako, baranda bat jarriko da.
  • Azkenik, kaleko argiteria ere hobetu egingo du Udalak.

Lanek 8 bat asteko iraupena izango dute eta 78.000€-ko kostua. Eusko Jaurlaritzatik 11.800€-ko laguntza jasoko du Udalak, lanak egiteko.

Bizilagunei eragozpenak sortuko zaizkie —batez ere, Antxiola 9-11-ko sarbidea egiten den bitartean—: zarata, hautsa… Beraz, pazientzia pixkat izan beharko dutela adierazi nahi diegu.