Arauak zorrotz errespetatzeko deia egin du Udalak

Oriotarrek, orokorrean, egoki bete dituzte orain arte alarma-egoera honetan ezarritako arauak. Joan den asteburu honetan, ordea, jendea paseatzera eta kirol egitera ateratzeko baimena dela-eta, portaera desegoki batzuk izan dira: Itxaspeko bideko sarrera debekatzen duen hesia lurrera bota dute, haurrak eta familiak talde handitan eta elkarrekin nahasian ibili dira eta herritar ugari ibili da kirol egiten taldean, bakarka ibili beharrean.

Hori dela-eta, Udalak gogorarazten du oraindik ez dugula gainditu alerta sanitarioa eta, beraz, ezarritako arauak zorrotz bete behar direla, egindako aurrerapausoetan atzera egin nahi ez badugu.

Udalak bereziki gogorarazi nahi du:

  • Kirola bakarka egin behar da eta ez taldean.
  • Mendian, korrika, bizikletan edo paseoan ibiltzerakoan ere, bakarrik joan behar da edo, izatekotan, bizikide batekin.
  • Haurrek kalera ateratzeko duten ordutegiaren barruan guraso bakar batekin joan behar dute
  • Itxaspeko bidea itxita dago, bertan egiten ari diren obrak bukatu gabe daudelako. Bidea itxita dago bi aldeetatik: bai Andu aldetik eta bai hondartza aldetik. Segurtasuna bermatzeko itxi du Udalak; ez da kapritxo bat. Udalak abisatuko du berriro bidea irekitzen denean.