Aurtengo literatur lehiaketa bertan behera utzi du Udalak

Udalak erabaki du aurtengo eskola-umeentzako literatur lehiaketa ez egitea, bizi dugun alerta sanitarioak sortzen dituen zailtasunengatik. Udalak urtearen hasieran egin zuen, urtero bezala, eskola-umeentzako literatur lehiaketaren deialdia, baina ikasleen lanak jasotzeko epea bukatu aurretik etorri zen klaseak etetea eta etxean konfinatu beharra.

Lehiaketa betiko moduan egitea ezinezkoa dela jakitun, Udala harremanetan jarri da Orioko bi ikastetxeekin, aztertzeko ea zer aukera legokeen, epeak luzatu eta aldaketa batzuk eginez, lehiaketa ikasturtea bukatu aurretik egin ahal izateko. Lehiaketarekin aurrera egiteko nahikoa adostasun ez dagoela ikusita, ordea, Udalak aurtengoa bertan behera uztea erabaki du azkenean.

Nolanahi ere, Udalak ez du baztertzen, egoerak horretarako aukera ematen duen neurrian, beste ekimenen bat abiatzea aurrerago, herriko haurrek egindako lanak argitaratzeko.