Arnasguneei buruzko erakusketa izango da kultur etxean martxoaren bukaera arte

arnasguneak17Erakusketa UEMAk antolatu du eta Orioko Udalak herrira ekartzea erabaki du, Korrika Kulturalarekin bat eginez. Erakusketaren helburua hau da: Arnasguneek duten garrantziaren eta azken hiru hamarkadetan izan duten bilakaeraren berri ematea eta aurrera begira dituzten erronkak  ezagutaraztea.

Erakusketa zabalik izango da kultur etxea jendearentzat irekita dagoen orduetan, goizez eta arratsaldez, martxoaren 20an hasi eta 31 arte.

UEMAren mezua zabaltzeko tresna

UEMAk herritarrengan eragiteko hainbat baliabide sortu ditu azken urteetan eta sortu berri duen erakusketa hau ere komunikazio estrategia horren baitan kokatzen da. UEMAren mezua herritarrengana zabaltzea da helburua eta ahalegin berezia egin du UEMAK mezu ulerterrazak sortzen.

13 panelez osatutako erakusketa

Erakusketa 13 panelek osatzen dute eta, horiez gain, erakusketaren aurkezpen lana egiten duen beste bat ere badago.

Erakusketaren mamia bi iturri nagusitatik jasotakoa da. UEMAk bi ikerketa egin zituen 2014an eta 2015ean ekin zion gizarteratzeari. Lehenbizikoa, Soziolinguistika Klusterrak egindakoa da eta  Udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa aztertzen du. Bigarrena, berriz, Gaindegiak landutakoa da eta udalerri euskaldunen ezaugarri sozioekonomikoak biltzen ditu. Bi txosten mardul horien mamia modu sintetikoan eta praktikoan azaltzen du erakusketak, grafiko erakargarriz hornituta.

Bestalde, aipatutako iturriez gain, beste hiru atalekin osatu da erakusketa. Lehenbizi, euskararen arnasguneak zer diren eta nolako ezaugarriak dituzten azaltzea garrantzizkotzat jo du UEMAk. Bigarrenik, kultur ereduaren bilakaerak herritarrengan izan duen eraginari ere arreta berezia jarri zaio (internet, globalizazioa,…). Azkenik, herritarren aktibazioari begirako mezu indartsu eta positiboa zabaldu nahi izan du erakusketak.