Atarrabia talde oriotarraren kontzertua

Ostiral gauean, uztailak 11, Atarrabia taldearen kontzertua izango da Orioko Goizeko tabernan, gaueko hamaiketan hasita.

Atarrabia taldea bost oriotarrek osatzen dute, eta dagoeneko kontzertu dezente eman dituzte han eta hemen; Joseba Urbieta da taldeko abeslaria eta gitarra ere jotzen du; gainerako taldekideak hauek dira: Mikel eta Ibon Aranzabal anaiak, Manex Barrenetxea perkusioan eta Andoni Lertxundi biolinarekin. Nagusiki, musika lasaia egiten dute: euskal kanten bertsioak, alde batetik, eta beren kanta propioak ere bai.

Kontzertua Udaleko Euskara batzordeak bultzatutako ?Ostiralean Jai? programaren barruan antolatu da, eta sarrera doan izango da. ?Ostiralean Jai? programaren bitartez, musika antolatzen da Orioko hainbat tabernatan ostiral gauetan ?hilaren azken ostiralean, urtean zehar; eta astero, udako uztail-abuztuetan?. Helburua giro goxoa sortzea da herriko tabernetan, musikaren eta euskararen inguruan.

Lau taberna hauek parte hartzen dute aurtengo ?Ostiralean Jai? programan: K2, Koasta, Goizeko eta Salatxo.