Bideak
izeneko dantza ikuskizuna eskainiko du Aukeran taldeak ekainaren 30ean, larunbatarekin, gaueko hamar eta erdietan hasita.
Sarrerak bost eurotan daude salgai Karela kiroldegian. Aldez aurreko salmentan guztiak saltzen ez badira, egunean bertan ere jarriko dira salgai, emankizuna baino ordu erdi bat lehenago.
Bideak
ikuskizuna iaz estrainatu zuen Edu Muruamendiaraz dantzariaren konpainiak Donostian. Geroztik, toki askotan izan dira eta oso harrera beroa jaso dute.
Aukeran dantza konpainiaren hirugarren ikuskizuna da Bideak
. Horren aurretik egin zituzten Sutargi
eta Izena duen guztia omen da
eta haietan zabaldutako bidean barrena egiten du ikuskizun berri honek ere: dantza tradizionalean oinarrituta, baina begi bistako ukitu garaikidearekin.
Dantza tradizionalaren alorrean haustura nabarmena gauzatu zuen Aukeran-ek 90eko hamarkadaren amaieran, eta joera berria Sutargi-rekin berretsi zuen. Bideak-ekin haustura horrek jarraipena izango du, baita musikaren alorrean ere.
Gainerakoan, argien eta jantzien alorrek garrantzi handia izango dute taldearen ikuskizun berritzaileetan ohi den moduan.
Hamaika pieza
Koreografiei dagokienez, 11 piezak osatuko dute Bideak
, 65 minutuko iraupenarekin. Bi koreografia erabat garaikideak izango dira, baina nahasketak dira gehienak. Nolanahi ere, dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizuna izango da, Gipuzkoako, Zuberoako eta Bizkaiko dantzetatik abiatutako koreografiak ere izango baitira.
Aurreko ikuskizunetan bezalaxe, Garbi Losadak eta Juan Antonio Vitoriak idatzi dute ikuskizunaren gidoia, eta eszenako zuzendaritza ere haien ardura izan da.