Aurten ezin izango da ospatu Balearen Eguneko festa handia

Bizi dugun pandemia-egoera dela eta, Udalak ezin izango du aurten ospatu Balearen Eguneko festa handia.

2001ean lehenbiziko aldiz egin zenetik, bost urtetik behin antolatu du Udalak Balearen Eguneko festa handia eta, beraz, aurten egitea tokatzen zen. Urte gutxitan, Orioko herriaren nortasunaren erakusgarri bihurtu da festa; baina Udalak, egoerak bultzatuta, aurten ez antolatzea erabaki du, pandemiak gisa horretako festa bat egitea erabat ezinezkoa bihurtzen duelako. Herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzea da Udalaren lehentasuna eta, horiek ziurtatu behar ditu beste ezeren gainetik.

«Etorriko dira garai hobeak!»

Anuska Esnal alkateak adierazi du «penaz» hartu behar izan duela erabakia Udalak: «Herritarrok barru-barruan daramagu Balearen Eguneko festa eta pena handia ematen digu aurten ez egiteak, baina begi bistakoa da egoerak ez duela aukerarik ematen horrelako ospakizun bat egiteko. Udalak ospakizunik antolatuko ez badu ere, izango dira ekimen batzuk, herritarrek eta eragileek segurtasun-arauak betez antolatuta, eta eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei: ikusten da herri honek tinko eutsi nahi diela bere nortasun-ezaugarriei eta Balearen Eguna da horietako bat. Ea laster aukera dugun berriro antolatu eta merezi duen bezala ospatzeko. Gaur-gaurkoz, gure burua eta hurkoena zaintzeko garaia da. Etorriko dira garai hobeak!».