Azaroaren 18an ospatuko dute Santa Zezilia Musika Eskolako ikasle eta irakasleek

Musikarien eguna azaroaren 22an bada ere, musika eskolakoek 18rako, ostegunerako, prestatu dituzte ekitaldiak.

Ospakizunak esanahi berezia du aurten, Danbolin musika eskolak 25 urte betetzen baititu ikasturte honetan. Hori dela eta, aurtengo jendaurreko ekitaldi guztietan urteurren hori gogorarazten duen logoa erabiliko dute.

Santa Zeziliaren ospakizuna herritarrekin batera egitea da helburu nagusia.

Honako hau izango da egun horretako programa:

Azaroak 18, osteguna.

17:00etan KALEJIRA kultur etxearen atzeko plazatxotik hasita.

Kalejiran Musika Eskolako txistulariak eta trikitilariak ibiliko dira, eta gunez guneko geldialdiak eginez, beste hainbat musikariren doinuak entzutera animatuko gaituzte. Entzungo ditugu: piano-jotzaileak, akordeoilariak, biolinistak, gitarristak eta banda.

Saioari kultur etxe atzeko plazan emango zaio hasiera, eta bertan piano-jotzaileak entzuteko aukera izango da. Segidan, Baxoaldeko parkeraino joan eta akordeoilariak topatuko ditugu. Aurrera egin, eta Pietateko plazatxoan, biolin eta gitarra-jotzaileak entzungo ditugu eta, azkenik, Herriko Plazan, banda entzunez, emango zaio bukaera eguneko lehen atal honi.

18:30ean kultur etxean kontzertua

Kontzertuan entzungo ditugun instrumentuak hauek dira: txistua, eskusoinua, biolina, pianoa, tronpeta, flauta eta saxoa.

Horrez gain, Musika Mintzairako ikasleek prestatutako abestiak ere entzungo ditugu.

Kontzertua amaitu ondoren, 2009-2010 ikasturtean 1., 2. eta 3. maila gainditu zuten ikasleei agiri bana emango zaie.

Agiri horien banaketekin amaiera emango zaio egunari.

Oharra:

Azaroaren 22a, astelehena, Santa Zezilia eguna denez, Musika Eskolan ez da klaserik izango.