Batzar irekia egingo du Orioko Gure Esku Dago taldeak

Batzarra Salatxo aretoan izango da apirilaren 30ean, larunbatarekin, goizeko 11:00etan hasita.

Batzar irekiaren gai nagusia honako hau izango da: aztertzea Orion 2017an herri galdeketa egiteko aukera.

Batzarrean Azpeitiko Gure Esku Dago plataformako bi lagun etorriko dira beren esperientzia kontatzera. Ondoren, Orioko Gure Esku Dago taldeko ordezkariek azalduko dute zer asmo dagoen Urola Kostako herrietan.

Gure Esku Dago taldeak deialdi zabala egin du eta ahalik eta jende gehien bildu nahi du batzarrean.

Kriseiluak aireratuko dira Balearen Egunean

Bestalde, Orioko Gure Esku Dago taldeak ekitaldi berezi bat antolatu du Balearen Egunean: iluntzean, 21:00etan, ehunka kriseilu aireratuko dira Herriko Plazatik, ‘Argitu erabakia!’ lelopean. Herritarrek aldez aurretik erosi behar dituzte kriseilua eskuratzeko txartelak, honako tokietako batean: Itziar kirol dendan edo Gabon, Kolon Txiki eta Errusta tabernetan. Txartela da orain erosi behar dena, 2,5 euro ordainduta; eta, gero, egunean bertan plazan banatuko dira kriseiluak txartelak erosi dituztenen artean.