Begirale ikastaroan izena emateko epea irailaren 19an bukatuko da

Urola Kostako Udal Elkarteak aisialdiko begiraleak prestatzeko ikastaroa antolatu du 2008-09 ikasturterako eta datorren ostiralean bukatuko da bertan izena emateko epea.

Ikastaroa egiten dutenek Eusko Jaurlaritzaren begirale titulu ofiziala lortuko dute.

Ikastaroaren helburuak honako hauek dira:

  • Aisialdiko begirale izateko trebetasunak eta ezagupenak lantzea eta horiek lortzea.
  • Eskualdeko aisialdiaren errealitatea ezagutzea eta lantzea.
  • Aisialdi ekimenetan euskara eta euskal kultura uztartzeko bideak jorratzea.

Ikastaroaren ezaugarriak

Ikastaro mardula izango da, 200 ordukoa, eta ostiral arratsaldetan (16:00-20:00) eta larunbat goizetan (10:00-14:00) emango da.

Ikasturtean zehar asteburu osoko lau egonaldi egingo dira aterperen batean.

Ordu teorikoez gain, 120 ordu praktiko egin beharko dituzte ikasleek eta, ondoren, memoria bat aurkeztu.

Ikastaroa urrian hasi eta maiatzean amaituko da, eta Zarautzen emango da.

Urtxintxa Eskolak emango du.

Baldintzak

Ikastaroa egiteko, 18 urte beteak izan behar dira, praktikak egin aurretik.

Gutxienez 20 laguneko taldea osatu behar da, ikastaroa martxan jartzeko, eta lehentasuna izango dute eskualdeko eskatzaileek.

Prezioa

Ikastaroaren kostua 415 eurokoa da. Prezio horretan sartuta daude: matrikula eta lau asteburuetako gastuak (loa eta otorduak barne).

Izen-ematea

Izena eman nahi dutenek irailaren 19a arteko epea dute.

Bai izena emateko eta bai informazio gehiago lortzeko, honako telefonoetako batera deitu behar da:

Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Zerbitzua: 943 89 08 08 (Izaskun Altuna).

Orioko Udaleko Euskara Zerbitzua: 943 83 03 46 (Jabier Zabaleta).