Benta bideko obrak martxa onean doaz

Benta bideko obrak hasi zirenetik, asteburuetan bakarrik ireki da bidea eta, gainontzean, itxita egon da, bertako bizilagunentzat izan ezik.

Obrak martxa onean doaz eta, horregatik, datorren ostegun honetatik aurrera, ekainak 12, bidea ireki egingo zaio ibilgailuen trafikoari, nahiz eta, zati batean, semaforoarekin erregulatuko den pasaera.
Mikropiloteak jartzeko lana bukatuta dago eta asteazkenean loturako habe nagusia hormigonatuko dute. Hori eta gero, ostegunean alegia, errepidea ireki egingo da. Hala ere, obratako tartean, semaforoak egongo dira oraindik eta txandaka pasa beharko da.

Lanak ekainaren 16 eta 17ko gauetan

Bestetik, ekainaren 16 eta 17an gauez lana egingo dute. Mikropiloteen anklajeak egiteko eta errepidea gurutzatzen duen hodi berria egiteko; bi egun horietan gauez errepidea erabat itxita egongo da.
Errepidea gurutzatzen duen hodiaren egoeraz bizilagunek ohartarazi dute, eta obraren barruan egitea erabaki du Udalak.
Eguraldiak laguntzen badu, asfaltatze lanak ekainaren 23an egingo dira eta horrekin erabat amaituta geratuko dira obrak.