Abenduaren 19an, larunbatarekin, ekitaldia egin zuen udal liburutegian Berdin-berdinak kirol elkarteak. Bi lagun izan ziren hizlari: elkartearen presidente Miren Salsamendi eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko (GKEF) teknikari Itsaso Nabaskues. Ekitaldian 25-30 lagun inguruk parte hartu zuen: elkartearen kide eta lagunak, herriko taldeetako ordezkariak, herritarrak eta zinegotziak.
Ekitaldiak bi parte izan zituen: alde batetik, Itsaso Nabaskuesek ‘Aisialdia eta kirola denontzat’ gaiari buruzko hitzaldia eman zuen eta bertan azaldu zuen nolako garrantzia duten eredu inklusiboek kirol praktikarako, haur eta gazte guztiek parte hartzeko aukera bera izan dezaten nahiz eta gaitasun eta ezaugarri desberdinak izan. Ekitaldian, bestalde, ‘Berdinduz’ programaren azalpena egin zuen Miren Salsamendik, GKEFko zuzendari tekniko Alicia Figueroaren laguntzarekin.
‘Berdinduz’ programa
Kirol jarduerak, gaur egun praktikatzen diren bezala, ia erabat daude bideratuta lehiaketara edo bikaintasuna lortzera. Askotan, parte hartzeko laguntza beharko luketen haur eta gaztetxoak jarduera horietatik kanpo geratzen dira, ez direlako beren premiak kontuan hartzen edota, kontuan hartuta ere, ez dagoelako bitartekorik premia bereziak dituztenei erantzuteko: batez ere, laguntzaile bat izatea, berdintasunean parte hartzeko aukera erraztuko diena, segurtasuna emango diena eta bere gaitasunak garatzeko aukera ziurtatuko diena.
Orion haur eta gaztetxo ugari dago, desgaitasun fisiko edota intelektualen bat dutenak. Haur horientzat, egoki garatzeko, oso garrantzitsua da beren inguruan antolatzen diren jarduera eta ekitaldietan parte hartzea; baina, askotan, aukerarik ez dute izaten, baliabide ekonomikoak falta direlako.
Premia hori hor dago eta nabarmena da, eta horri aurre egiteko sortu da ‘Berdinduz’ programa: pertsona horiei baliabideak eskaini ahal izateko, herriko jardueratan berdintasunean parte hartzeko aukera izan dezaten. Eskainiko diren baliabideak bi motatakoak izango dira: batetik, profesional gaituak arituko dira, programa zuzendu eta koordinatzen; eta, bestetik, ondo prestatutako boluntario-sare bat osatuko da, unean uneko laguntza emateko.
Horixe da, hain zuzen, proposamenaren berritasun nagusia: boluntario-sare egonkor bat sortu eta dinamizatuko da, profesional gaituek koordinatuta.
Programa urtarrilean jarriko da martxan eta Berdin-berdinak elkarteak bultzatuko du Orioko Udalaren eta LaCaixaren laguntzarekin.