“Bi arreba” emanaldia izango da ostiralean, Korrika Kulturalaren barruan

biarreba

Emanaldia kultur etxean izango da 22:00etan eta, doan izango bada ere, gonbita jaso behar da aldez aurretik kultur etxean bertan.

Xabier Lizaso piano jotzaile oriotarrak eta Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak prestatutako emanaldiak bertsoak eta musika uztartuko ditu.

Chopin konpositorearen eta Xenpelar bertsolariaren bizitzetan oinarritutako ikuskizuna da. Izan ere, Chopinek eta Xenpelarrek badituzte hainbat ezaugarri, antzekoak: batetik, garai bertsuan bizi izan ziren; bestetik, biak ziren, nor bere arloan, artista handiak; biak izan ziren berritzaile; biak ziren katolikoak; biak ziren estaturik gabeko nazioetakoak; biek bizi izan zituzten garai politiko gatazkatsuak; biak hil ziren gazterik, gaixotasunaren ondorioz (bata 34 urterekin eta bestea 39rekin); eta, heriotzaren orduan, biek izan zuten ondoan… arreba.

Emanaldia Orioko Udalak antolatu du Korrika Kulturalaren barruan.

Sarrera doan, baina gonbitarekin

Kontuan hartuta kultur etxeko aretoak dituen neurri-mugak, Udalak erabaki du gonbita bidezko sistema ezartzea emanaldirako.

Emanaldira sartzeko, beharrezkoa izango da gonbita erakustea. Udalak 110 gonbita jarriko ditu herritarren eskura eta doan banatuko ditu bukatzen diren arte. Gonbitak kultur etxean eskatu behar dira eta aste osoan izango dira eskuragarri martxoaren 18tik aurrera.

Joan nahi izanez gero, beraz, komeni da lehenbailehen jotzea kultur etxera gonbita jasotzera.