Udalak haurrentzako bide-heziketa ikastaroei heldu die berriro, pandemiagatik etena egin eta gero. Maiatzaren 2tik 31ra egingo dituzte aurtengo saioak, eta Aloña Zubeldia udaltzainak gidatuko ditu.
Ikastaro laburra, gelaz gela
Orioko bi ikastetxeetako LH3tik LH6ra bitarteko gela guztietan emango du ikastaroa Zubeldiak. Gela bakoitzean ordubeteko hiru saio egingo ditu: bi, gelaren barruan, teoriko-praktikoak; eta bestea, kalean, ikasitakoa praktikan jartzeko. Guztira, Zaragueta eskolako eta ikastolako hirurehun bat haurrek hartuko dute parte.
LH3 eta LH4ko haurrek kalean oinez ibiltzeko aholkuak jasoko dituzte; eta LH5 eta LH6koek, berriz, bizikletan ibiltzeko aholkuak. Gainera, herriko kaleetan izandako aldaketen berri emango diete, trafikoari eta oinezkoei lotutako arauak ezagutu ditzaten.
Proiektuaren helburua
Proiektu honen bidez, Udalak ezagutza eta kontzientzia sortu nahi du haurrengan, trafikoarekin zerikusia duten istripuak prebenitzeko eta mugikortasun segurua bultzatzeko.